08:43

Ekonomia

Lan-gatazka

Nekazariek Gasteiz, Baiona eta Tafallako kaleetara eramango dituzte berriro duela urtebeteko aldarrikapenak

EITB MEDIA

Mercosurreko akordioaren gaitzespena, elikagai-katearen legearen betearazpena, salneurri justuak, makroproiektu fotovoltaikoen ezespena, otsoaren babesaren amaiera eta hidrokarburoen zergen errefusa izango dituzte aldarri.

  • Traktoreak Gasteizen

    Traktoreak Gasteizen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Traktoreek Gasteizko, Baionako eta Tafallako kaleak hartuko dituzte ostera ere asteon. Trebiñu eta Araba Elkarteak deituta, duela urtebeteko aldarrikapenak eramango dituzte Gasteizera nekazariek.

10:00etan hasiko dute protesta, gaur, astelehena, Buesa Arena aparkalekuan, eta handik erdigunera joango dira. Asteartean, ordu berean dute hitzordua, baina Jundizen elkartuko dira, protesta Mercadonaren plataforma logistikora eramateko.

Mercosurreko akordioaren gaitzespena, elikagai-katearen legearen betearazpena, salneurri justuak, makroproiektu fotovoltaikoen ezespena, otsoaren babesaren amaiera eta hidrokarburoen zergen errefusa izango dituzte aldarri.

Lehenengo hiru puntuek nekazariek dituzten diru-sarrera txikiekin dute zerikusia, nekazariek bi mehatxu zuzen dituztelako horrekin lotuta: lehenengoa, Mercosurreko herrialdeekin (Argentina, Brasil, Paraguai, Uruguai eta Venezuela) egindako akordioa, hango produktuei muga-zergak murrizten dizkiena.

Herrialde horietan, gainera, ekoizpen baldintzak eta neurri sanitarioak ez dira Europak ezarritakoak bezain zorrotzak; horrenbestez, askoz produktu merkeagoak ekoitz ditzakete.

Bigarrenak, elikagai-katearen legea betetzea eskatzen du, kostuak ordaintzeko adinako prezioak bermatzeko.

Gainera, otsoaren babesarekin lotuta, kontrol handiagoa exijitzen dute, abeltzaintzan triskantza eragiten duten erasoak saihesteko.

Azken puntuak Arabako makroproiektu fotovoltaikoek lur emankorrak hartzeko duten arriskuaz ohartarazten du.

Baionako manifestazioa

Nekazari talde batek manifestazioa deitu du Baionan, hori ere astelehenerako. Horrela, 10:00etan hasita, kalean izango dira berriro Iparraldeko nekazariak, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugako protestak egin zituztenetik zortzi hilabetera.

Mobilizazioak A-63 autobideko trafikoari eragingo dio.

Kontzentrazioa, Tafallan

Nafarroan ez da nekazari eta abeltzainen protestarik izango Iruñea erdigunean. Horren ordez, Tafallan mobilizatuko dira. 11:30ean Nava industrialdean elkartuko dira eta 13:00etan komunikatua irakurriko dute.

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen