Ekonomia
TALGO EROSTEKO ESKAINTZA
Talgoren kotizazioa etetea erabaki du Balore Merkatuaren Batzordeak, Sidenorren atzoko eskaintzaren ondoren
EITB MEDIA
Jose Antonio Jainaga Sidenorren presidenteak hobetu egin du Talgoren % 29,9 erosteko eskaintza, BBK-k, Vital Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak operazioarekin bat egin eta gero: akzio bakoitzeko 4,15 euroko eskaintza aurkeztu du, 0,65 zentimoko aldagarria gehituta.
-
Talgoren egoitzetako bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Talgo enpresaren akzioen kotizazioa kautelaz etetea erabaki Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak ostegun honetako lehen orduan, Sidedorrek Talgoren kapitalaren % 29,9 erosteko eskaintza bat mahai gainean jarri ondoren.
Atzo iluntzean eman zuen Jose Antonio Jainagaren konpainiak eskaintzaren berri, eta ordurako baloreen merkatua itxita zegoen. Hori dela eta, gaur, merkatua zabaldu aurretik, Balore Merkatuaren Batzordeak Talgori jakinarazi dio bere akzioak kotizatzeari utzi diola.
Jainaga Sidenorren presidenteak hobetu egin du Talgoren % 29,9 erosteko eskaintza, BBK-k, Vital Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak operazioarekin bat egin eta gero: akzio bakoitzeko 4,15 euroko eskaintza aurkeztu du, 0,65 zentimoko aldagarria gehituta.
Zehazki, operazioan parte hartzeko prest agertu diren lau erakundeek 155 milioi euroko ekarpena egingo lukete: Sidenorrek, Jaurlaritzak (Finkatuz funtsaren bitartez) eta BBK-k 45na milioi eta Vital Fundazioak, aldiz, 20 milioi euro.
Talgo konpainiaren akzioak 3,975 euroko balioa zuten atzo, merkatuaren itxieran.
"Errotzearen aldeko apustua"
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren hitzetan, Talgo erosteko azken eskaintzak agerian uzten du Eusko Jaurlaritzak "industriarekin eta errotzearekin" duen konpromisoa. "Pozik" agertu da operazioarekin, baina "zuhurtzia" eskatu du, "partida amaitu arte".
Bilbon egin ditu adierazpenok, gaur, Euskalduna Jauregian hasi den Portu Jasangarriaren II. Biltzarrera sartu aurretik:
Azken txanpa
Trilantic funtsak operazio horren aurrean duen erresistentzia nagusia Jainaga buru duen siderurgia-enpresak eskaintzen zuen hasierako prezioa zen (4 euro), iazko martxoan Hungariako Magyar Vagon enpresak jaurtitako eskaintzatik (5 euro) urrun. Espainiako Gobernuak betoa jarri zion azken horri.
Eskaintza berriak, ordea, akzioko 4,80 euro ordaintzea lekarke, Magyarren 5 euroetatik gertuago eta konpainiaren burtsako kotizazioaren gainetik nabarmen.
Espainiako Gobernuaren oniritzia eman die Sidenorren planei, eta, jakina, baita Eusko Jaurlaritzarena ere, Talgo EAEn sendotzea ekarriko lukeelako. Enpresa horrek Euskal Autonomia Erkidegoan garrantzi handia du; izan ere, bere bi lantegietatik handiena Arabako Ribabellosa udalerrian du, eta 700 beharginek egiten dute lan. Bestea Las Matasen du, Madrilen, eta 500 langile ari dira bertan.
Magyarren eskaintzaren arabera, funtsak % 29,9ren truke 185 milioi euro jasoko lituzke. Orain, Jainagaren eskaintzak aurrera eginez gero, 150 milioi euro jasoko lituzke.
Gaur egun, Talgoren akziodun nagusia Pegaso da —Trilantic funtsak, Abello familiak eta Oriol taldeko kide batzuek (Talgoren sortzaileak) osatzen duten sozietatea—, eta kapitalaren % 40,2 dute.
Joan den astean bilera bat egin zuten Talgoren presidente Carlos de Palacio Oriolek eta Imanol Pradales lehendakariak. Lehendakariak behin baino gehiagotan adierazi du dagoela tren-fabrikatzaileak eta Sidenorrek konpainiaren etorkizun industriala bermatuko duen akordio bat lortuko dela.
Talgo erosteko lasterketa azken txanpan dago jada. Akziodunek otsailaren 14ra arteko epea eman dute, eskaintza guztiak aztertzeko. Sidenorrez gain, Poloniako Pesa eta Indiako Jupiter Wagons konpainiek ere badute Talgo erosteko interesa.