20:13

Ekonomia

Euskal enpresak

Sidenorrek hobetu egin du Talgo erosteko eskaintza

EITB Media

BBK-k, Vital Fundazioak eta Jaurlaritzak bat egin dute Jose Antonio Jainaga sustatzen ari den operazioarekin. Eskaintza berriak akzioko 4,80 euro ordaintzea lekarke, eta hori Hungariako Magyar Vagonek proposatutako 5 euroetatik gertuago dago.

  • Foto: EFE

    Foto: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jose Antonio Jainaga Sidenorren presidenteak hobetu egin du Talgoren % 29,9 erosteko eskaintza, BBK-k, Vital Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak operazioarekin bat egin eta gero, EITBk jakin duenez.

Hain zuzen ere, Jainagak akzio bakoitzeko 4,15 euroko eskaintza aurkeztu du. Horri, gainera, 0,65 zentimoko aldagarria gehitu beharko zaio. Horrela, Trilantic funtsak eskatzen zituen 5 euroetara hurbilduko da Jainaga. Orain arte, 4 eurokoa zen haren eskaintza, akzio bakoitzeko.

Orain, Talgo Euskal Herrian mantentzen saiatzeko bat egingo duten enpresek eta erakundeek 155 milioi euroko ekarpena egingo dute: Sidenorrek, Jaurlaritzak (Finkatuz funtsaren bitartez) eta BBK-k 45na milioi euro emango dituzte. Vital Fundazioak, aldiz, 20 milioi euro.

Trilanticek operazio horren aurrean duen erresistentzia nagusia Jose Antonio Jainaga buru duen siderurgia-enpresak eskaintzen zuen hasierako prezioa zen (4 euro), iazko martxoan Hungariako Magyar Vagon enpresak jaurtitako eskaintzarekin (gero Espainiako Gobernuak betoa jarri zion) harrapatu zituen 5 euroetatik urrun.

Eskaintza berriak, ordea, akzioko 4,80 euro ordaintzea lekarke, Magyarren 5 euroetatik gertuago eta konpainiaren burtsako kotizazioaren gainetik nabarmen.

Espainiako Gobernuaren oniritziaz gain, Eusko Jaurlaritza, Talgo sendotzea ekarriko lukeelako. Bere bi lantegietatik handiena Arabako Ribabellosa udalerrian du, eta 700 beharginek egiten dute lan. Bestea Las Matasen du, Madrilen, eta 500 langile ari dira bertan.

Magyarren eskaintzaren arabera, funtsak % 29,9ren truke 185 milioi euro jasoko lituzke (Espainiako trenen konpainia 620 milioitan balioestea zekarkeen), eta orain, gaur egungo terminoetan amaituz gero, 150 milioi jasoko lituzke.

Gaur egun, Talgoren akziodun nagusia Pegaso da —Trilantic funtsak, Abello familiak eta Oriol taldeko kide batzuek (Talgoren sortzaileak) osatzen duten sozietatea—, eta kapitalaren % 40,2 dute.

Joan den astean bilera bat egin zuten Talgoko presidente Carlos de Palacio Oriolek eta Imanol Pradales lehendakariak. Lehendakariak behin baino gehiagotan adierazi du tren-fabrikatzaileak eta Sidenorrek konpainiaren etorkizun industriala bermatuko duen akordio bat lortzea espero duela.

Hala ere, Poloniako Pesa eta Indiako Jupiter Wagons konpainiek ere badute Talgo erosteko interesa. Talgo erosteko lasterketa azken txanpan dago jada. Izan ere, akziodunek otsailaren 14ra arteko epea eman dute, eskaintza guztiak ezagutzeko.

Iruzkinak

    • logo eitb nahieran
      NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen