Ekonomia
EPAIKETA
EITB MEDIA
Gaur kaleratutako epaiak dio Glovoren eta banatzaileen artean lan-harreman zuzena zegoela, eta ez merkataritza izaerakoa. Hala, Gizarte Segurantzari ordaindu gabeko kotizazioak eman beharko dizkio banaketa enpresak: 410.587,71 euro.
Glovoren banatzaile bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Glovo banaketa enpresak iruzurra egin zuela ebatzi du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak. Epaiaren arabera, enpresaren eta 168 banatzaileren arteko harremana "lan-harremana" da eta "ez merkataritza harremana". Hau da, epaileak esan du langile horiek ez direla benetako autonomoak eta, beraz, Glovori dagokiola behargin horien kotizazioak ordaintzea Gizarte Segurantzan.
2022an Gipuzkoako lan-ikuskaritzak Glovoren aurkako ebazpena eman ondoren, Gizarte Segurantzak salaketa jarri zuen eta epaileak arrazoi eman dio, argudiatuz Glovok antolatzen eta kontrolatzen dituela langileak. Azpimarratu du, gainera, banatzaileek ez dutela euren zerbitzuen truke prezioa ezartzeko ahalmenik, benetako langile autonomoek egin ohi duten moduan.
Bere salaketan, Gizarte Segurantzak 410.587,71 euro eskatu zizkion Glovori, hiru urtean (2018ko urritik 2020ko abendura) 168 banatzaileren kuotak ordaindu ez zituelako. Gaurko sententziarekin, kopuru hori ordaintzera zigortu dute banaketa enpresa.
Epaiketan, Glovok adierazi zuen Langile Autonomoen Erregimen Berezian izena emanda dauden beharginak bakarrik kontratatzen zituela, eta banatzaileek eurek erabakitzen eta kontrolatzen zutela euren lana, konpainiaren aplikazio informatikoaren bidez.
Bada, aplikazio hori aztertuta, epaileak ondorioztatu du bi aldeen arteko harremana ez zela enpresa eta benetako autonomoen artekoa.
Gaur kaleratutako epaia ez da behin betikoa eta helegitea jartzeko aukera dago EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.
Joan den urteko abenduan, eta hainbat kontrako epai jaso ondoren, Glovok jakinarazi zuen aurrerantzean lan-kontratua egingo diela banatzaileei.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa