05:00

Ekonomia

URTEKO AZKEN ERABAKIAK

Espainiako Gobernuak astelehen honetan onartuko ditu energia enpresei kargak ezartzea eta garraioaren hobariak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Garraioari jarritako deskontuak 6 hilabetez luzatzea onartuko du Espainiako Gobernuak gaur, urteko azken ministroen kontseiluan. EAEko erakundeen ekarpenarekin, beherapena %50era helduko da.

  • Renferen Donostiako geltokia. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

    Renferen Donostiako geltokia. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gobernuak urteko azken Ministro Kontseilua egingo du astelehen honetan, eta neurri ekonomiko sorta onartzea espero da bertan. Hala nola, enpresa energetikoei ezarritako karga 2025era luzatzea, garraio publikorako hobarien luzatzea eta pentsioen igoera.

Alde batetik, astelehen honetan errege lege dekretu bat onartuko du Gobernuak energetikei ezartzen zaien kargaren inguruan, hori baita ERC, Bildu eta BNG bazkideekin duen konpromisoa. Nahiko argia da ez duela Kongresuaren babesa lortuko, EAJ eta Junts kontra daude eta.

Izan ere, bertan behera geratu zen zerga aurreko astean —PP, Junts, EAJ eta Voxen botoekin—. Gobernuak berriro onartu beharko du, aurreikusi bezala, luzatu beharrean.

Bestalde, ez dago argi dieselaren fiskalitatea igo eta gasolinarekin parekatzeko erabakia gaurko kontseiluan hartuko duen ala ez.

Garraio publikorako hobariak

2025eko lehen seihilekoan 2022ko irailetik indarrean egon diren garraio publikorako laguntzak mantentzea ere onartuko da astelehen honetan. Hala, Renferen Aldirietako, Rodaliesetako eta Ohiko Distantzia Ertaineko abonuek doakoak izaten jarraituko dute, idarraldia sei hilabetez luzatuko baita.

Era berean, indarrean dauden hobariak mantenduko dira trenbide-linea batzuetarako, eta Estatuaren eskumenekoak diren autobus-lineak ere doakoak izango dira ohiko bidaiarientzat. Kanarietako eta Balear Uharteetako garraio-abonuak eta hiri barruko eta hiriarteko garraio kolektiboaren abonuetan prezioa gutxienez % 50 merkeagoa izatea sustatzeko zuzeneko laguntzek ere idarrean jarraituko dute.

Deskontuak ezartzeko eta osatzeko konpromisoa hartzen duten autonomia erkidegoei eta toki erakundeei % 30eko jaitsiera ordaintzen die Espainiako Gobernuak, horiek jaitsiera gutxienez %50ekoa izango dela bermatzen badute (%20 jarri beharko lukete, beraz, autonomia erkidegoek eta toki erakundeek).

Aurrekontuen luzapena

Ministroen Kontseiluak onartuko duen beste neurrietako bat aurrekontua luzatzeko errege lege dekretua izango da. Horren bidez, 2023ko kontuen elementu batzuk egokituko dira; izan ere, ordukoak dira gaur egun indarrean daudenak, 2024koak ez baitziren onartu.

Aurrekontuen luzapena automatikoki egiten da urtarrilaren 1era kontu onarturik gabe iristen denean, baina, normalean, doikuntza batzuk egin behar izaten dira.

Pentsioen % 2,8ko igoera

Halaber, urtea amaitu baino lehen pentsioen errebalorizazioa onartu ohi da. 2025erako % 2,8koa izango da. Igoera hori 2023ko abendutik 2024ko azarora bitarteko inflazioaren datuarekin kalkulatu zen eta kotizaziopekoei eta klase pasiboei aplikatuko zaie.

Gizarte Segurantzak oraindik ez du zehaztu zenbat igoko diren gutxieneko pentsioak eta kotizazio gabeko pentsioak. Bizitzeko gutxieneko diru sarreraren (BGD) igoera ere egiteke dago.

Indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldata ere (LGS) luzatu egin behar da, gerora aplikatuko litzatekeen zenbateko berriaren zain.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena