Ekonomia
INDUSTRIA
EITB MEDIA
Neurria urtarrilaren 9an jarriko da martxan. Lan-erregulazioko espediente hau egitasmo baten parte da, multinazionalak bere finantza egoera txarra zuzentzeko, eta aldi baterako beste lan-erregulazio bat jasotzen du.
Infografia: EITB
Siemens Gamesak 430 langiletik 255era murriztu du lan-erregulazioko espedientearen eragina Espainiako Estatuan. Radio Euskadik aurreratu duenez, zuzendaritzak sindikatuen ordezkaritzari jakinarazi dio gaur murrizketa, aldi baterako lan-erregulazioaren aurreko negoziazio mahaian.
Horrela, enpresak murriztu egin du Espainiako Estatuan dituen lantokietan aplikatu nahi duen kaleratze egitasmoaren eragina, baita Zamudioko eta Sarrigureneko lantegietan ere. 430 langile izan beharrean, hasiera batean planteatu zuen bezala, 255 behargin izango dira.
Hala jakinarazi du zuzendaritzak lan-erregulazioa martxan jarri aurreko negoziazio mahaian, eta neurria urtarrilaren 9an abiatuko da. Orduan, hilabeteko epea irekiko da bajen baldintzak eta langileak birkokatzeko baldintzak negoziatzen jarraitzeko.
Bi lantegietako batzarrek arratsaldean berretsi dutenez, lan-erregulazioko espedientea egitasmo baten parte da, multinazionalak bere finantza egoera txarra zuzentzeko. Aldi baterako beste lan-erregulazio bat ere jasotzen du proiektuak, konpainiaren beste atal bateko (Asteasu eta Zamudio) 220 langilerentzat, eta hurrengo urte eta erdian aplikatuko dute.
Ia aho batez onartu dute Asteasuko Siemens Gamesako langileek enpresak sindikatuekin adostutako aldi baterako lan-erregulazioa. Bakarrak bozkatu du kontra, eta 108k alde. Gauza bera gertatu da Zamudio, Burgos eta Lermako lantegietan.
Asteasun dauden 190 beharginetatik 170ri eragingo die; Zamudion, 46ri. Erregulazioa urte eta erdirako izango da, eta eskaririk ez bada, bi urtera ere luza liteke. Enplegua bermatuta egongo da 2027ko abenduaren 31ra arte.
Asteasun eta Zamudion biderkagailuak ekoizten dituzte, aerosorgailuen palen mugimenduak argindar sortzailera transmititzen duten piezak.
LABek nabarmendu du "murriztu" egin duela aldi baterako lan-erregulazioaren eragina, Asteasuko lantegiko zuzendaritzak "luze eta oso gogorra" izatea nahi baitzuen. Sindikatu abertzaleak ohar batean salatu duenez, "enpresak talde mailan negoziatu nahi izan du, negoziazio mahai bat inposatuz, eta Asteasuko langileen ordezkaritza deseginda eta eragiteko gaitasun oso txikiarekin geratuko zen".
Hala, nabarmendu du "negoziazio prozesu neketsu eta zail baten ostean" zuzendaritzarekin aurreakordio batera iritsi dela, eta lan-erregulazioa "murriztea" lortu, " bi urteko hasierako proposamenetik, urte eta erdira, eta eguneko soldataren % 85erainoko osagarria lortu du (estrak eta oporrak % 100ean)".
Alemaniako konpainiak denera 3.000 langile inguru ditu EAEko eta Nafarroako lantegietan: Zamudion, Mungian, Asteasun, Sarrigurenen eta Arazurin.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa