12:35

Ekonomia

HARTZEKODUNEN KONKURTSOAN

Balenciaga ontziolako langileek ziurgabetasunez bizi dute gaur-biharretarako deitu dituzten bi bilerak

eitb media

Gaur 13:30ean bilduko dira telematikoki Espainiako Ekonomia Ministerioa, haren menpeko Cofides elkartea, Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Zumaiako Udala. Bihar, langileen batzordeak deituta, beste bilera bat egingo dute erakundeekin eta zuzendaritzarekin, Espainiako ordezkaritzarik gabe.

  • Langileek goizean egindako elkarretaratzea

    Langileek goizean egindako elkarretaratzea

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Balenciaga ontziola ofizialki hartzekodunen konkurtsoan sartzea agindu ondotik, eta langileek bizi duten ziurgabetasunaren aurrean, bi bilera egingo dituzte gaur-biharretan, lantegiaren bideragarritasuna bilatzeko asmoz eta ontziolaren jarraipena ahalbidetuko luketen alternatibak aztertzeko. Lehenengoa gaur, asteazkena, izango da, 13:30ean, eta telematikoki parte hartuko dute Espainiako Ekonomia Ministerioak eta haren menpeko Cofides elkarteak (ontziolaren hartzekodun nagusiak), Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Zumaiako Udalak.

Bihar, berriz, langileen batzordeak deituta, bilera erakundeekin eta zuzendaritzarekin egingo dute, baina, Zumaiako Udalak jakinarazi duenez, bertan ez da Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarik izango.

Langileek gaur bilkura egin dute Donostian Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean, eta, bertan, euren kezka adierazteaz gain, salatu dute Espainiako Gobernuak erantzun ere ez diola egin euren bilera-deialdiari.

Imanol Beloki LABen ordezkariak azaldu duenez, jakinda ere inbertsore bat lortzeko egon litezkeen harremanek diskrezioa eskatzen dutela, ez dute ulertzen jarrera hori.

Donostiako Merkataritza Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak Balenciaga ontziola hartzekodunen konkurtsoan ofizialki sartzea erabaki zuen atzo. Merkataritza arloko epaitegiak ebatzi duenez, jabeei enpresaren egunerokoa kudeatzen jarraitzeko aukera ematen zaio, baina konkurtso-administratzaile batek gainbegiratuta, PKF Attest enpresak, hain zuzen.

PKF Attest Sestaoko Naval ontziolaren itxiera kudeatu zuen enpresa bera da. Balenciaga ontziolaren hartzekodunek 37 milioi euroko zorra dute, eta orain hilabete dute alegazioak aurkezteko.

Ontziolak aurrera jarraitu ahal izateko, zorraren zati bat ordainduko duen inbertitzaile bat agertu beharko litzateke, epaileak onartzen duen bideragarritasun egitasmo batekin. Bazkide hori bilatzen ari dira, Ekonomia Ministerioari berregituraketari betoa ez jartzeko eskatzen zaion bitartean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena