Ekonomia
LAN GATAZKA
EITB MEDIA
Igande goizeko lan-txanda egitea zegokien udaltzain asko ez ziren bertaratu, baja hartu zutelako, eta horrek eragina izan zuen Maratoi Erdian.
Gasteizko Udaleko bi agente, artxiboko irudi batean. Argazkia: Gasteizko Udala.
Gasteizko Udalak ikerketa zabaldu du, joan den igandean Udaltzaingoan izandako baja oldearen atzean egon daitezkeen arrazoiak argitzeko. Besteak beste, egun horretan Arabako hiriburuan egin zen Maratoi Erdian eragin zuzena izan zuten bajek, hainbat zailtasun eraginez.
Datu zehatzak zabaldu ezin badituzte ere, aldi baterako gaixotasun bajak izan ziren gehienak. Lan-baldintzak hobetzeko negoziazio betean daude Udaltzaingoa eta Udala, eta duela egun batzuk zorroztasun greba deritzona egitea erabaki zuten hainbat agentek —lana zorrotz egiteko greba da, lana bera trabatzerainokoa—.
Udaleko Segurtasun Sailak azaldu duenez, igandeko Maratoi Erdia "arazorik gabe" aurrera atera ahal izateko, "aparteko baliabideak" jarri behar izan zituzten, eta ziurtatu dute Gabonetarako aurreikusita dauden gainerako ekintzetan ere hala egingo dutela.
Maider Etxeberria Gasteizko alkateak aitortu du "deigarria" dela "hainbeste udaltzainek baja hartzea, hirian hain ezaguna eta maitea den ekintza baten atarian". Udal Gobernuak eskura duen guztia egingo duela agindu zuen, udaltzainen bajen ondorioz ekitaldirik bertan behera gera ez dadin. "Onartu ezin dena da Udaltzaingoaren gutxiengo baten aldarrikapenen ondorioak herritarrek pairatzea, dela isunen bidez, edo dela ekitaldiak bertan behera uztera behartuta", esan zuen. CCOO eta Sipla sindikatuei "gogoeta" egiteko eskatu zien.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa