Itxi

Ekonomia

Eskirotzeko lantegia

Sindikatuek borroka iragarri dute, eta Foru Gobernua eta alderdiak kezkatuta agertu dira BSHren itxierarekin

EITB Media

UGT, ELA eta LAB itxieraren aurka agertu dira. Chivitek esan du enpresaren erabakia "ezustekoa" izan dela eta lehentasuna langileak izango direla. Era berean, UPN, EH Bildu eta PP kezkatuta agertu dira.

  • BSHk Eskirotzen (Nafarroa) duen lantegia. Argazkia: EFE

    BSHk Eskirotzen (Nafarroa) duen lantegia. Argazkia: EFE

BSHk Ezkirotzen (Nafarroa) duen lantegia ixtearen "erabat" aurka agertu da Lorenzo Rios Nafarroako UGTren Industria, Eraikuntza eta Nekazaritza Federazioko (FICA) idazkari nagusia. "Itxieraren aurka egingo dugu", ohartarazi du. Gaineratu duenez, prest daude "enpresa eta lanpostuak mantentzea ekarriko duten aukeren inguruan hitz egiteko".

BSH "enpresa lehiakorra" dela adierazu du, eta gaineratu ezin dela "ekoizpena Turkiara eta Poloniara deslokalizatzea onartu", Industria Legeak esaten duenaren ildotik, dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten enpresek enpleguari eutsi behar diotelako, gogorarazi du sindikatuaren arduradunak.

Riosek aurreratu du "erakunde guztiekin, mundu guztiarekin", Espainiako Gobernuarekin, Nafarroako Gobernuarekin, indar politikoekin eta inplikatutako eragileekin hitz egingo dutela, eta azpimarratu du, bere ustez, "enpresan inbertitu" behar dela "eraginkortasun energetiko handiagoa bilatzeko".

FICAk "kolpe latz" gisa hartu du, benetan haren aldeko apustua egiten bada, "lehiakorra izan daitekeen lantegi baten deslokalizazio-estrategia bati erantzuten dion" itxiera.

ELA ere ixtearen aurka dago eta zuzendaritzari eta Foru Gobernuari lanpostuak babestearen alde egiteko proiektu bat eskatu die. ELAk ohar batean salatu duenez, multinazionalak ia 700 pertsona langabezian utzi nahi ditu, nahiz eta "2023an estatu mailan 60 milioiko irabaziak izan". Sindikatu abertzaleak enpresa-batzordean diren 17 ordezkaritik 2 ditu, eta itxieraren kontra egingo du, "justifikaziorik gabeko" neurria delako.

Gainera, ELAk enpresaren egiteko moduak salatu ditu: "Zuzendaritzak ez die inolako informaziorik eman beharginei ordezkarien gaurko bileran, 2025eko ekainean Eskirotzeko lantegia ixteko erabakiaz haratago".

Asier Calderon LAB Industriaren ordezkaria elkarrizketatu dute Euskadi Irratian. Azaldu duenez, ez zuten itxiera "inondik inora" espero, are gutxiago "egin den moduan, gutun baten bidez". Calderonen hitzetan, langileek "urte luzez esfortzua" egin dute, eta arazoa, lehiakortasun falta barik, beste bat izan dela azpimarratu du. "Lanak beste lantegi batzuetara, Poloniara eta Turkiara, bideratu dituzte", salatu du

Ohartarazi duenez, 655 langileengan ez ezik, itxierak "ondorio kaltegarriak" izango ditu enpresarentzat lan egiten duten beste faktoria batzuetan ere.

BSHk Eskirotzen duen lantegia. Argazkia: EFE

BSHk Eskirotzen duen lantegia. Argazkia: EFE

Bestalde, BSHk lantegia ixteko erabakia "ezustekoa" izan dela azaldu du Maria Chivite Nafarroako presidenteak. Orain bere "lehentasuna" eta "kezka handiena" 660 langileak direla azpimarratu du Foru Gobernuko agintariak.

Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, Chivitek berretsi du "ustekabeko" zerbait izan dela, eta gaur goizean bertan gutun bat bidali diotela, bai eta Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariari ere.

Erantsi duenez, "ez da ohikoena izaten Nafarroako Gobernuak enpresekin dituen harremanetan, egunerokoak eta etengabeak baitira, zailtasunak izan dituztenean Exekutiboarengana jotzen jakin dutelako, eta hori ez da horrela izan oraingoan".

Presidenteak zehaztu duenez, "lantegiko kezken" jakitun ziren, enpresa-batzordearekin eta enpresaburuekin izandako batzarrengatik, eta Alemaniako zuzendaritzarekin eskutitzen bidez harremanetan jartzen saiatu zirela adierazi du, baina ez dutela "inoiz erantzunik jaso".

Cristina Ibarrola UPNren presidenteak sare sozialetan deitoratu duenez, "Nafarroatik beste enpresa bat alde egiten ari da". "Beste batzuek soilik zergak igotzen dituzten arren, UPNk enplegua, inbertsioa eta hazkundea sustatuko dituen eredu fiskalaren aldeko apustua egiten du", kritikatu du.

Laura Aznal EH Bilduk Foru Parlamentuan duen bozeramaileak adierazi du neurri eraginkorrak aplikatu behar direla enpresak indartzeko. "Atalka burututako beste deslokalizazio bat" salatu du koalizio subiranistako ordezkariak. "Deslokalizazioaren eta hiperglobalizazioaren mehatxu gero eta handiagoaren aurrean, gure industria eta enplegua babestu behar ditugu", aldarrikatu du.

Nafarroako Alderdi Popularrak ohar batean salatu duenez, Ezkirotzeko lantegiaren itxiera "Nafarroako Gobernuaren kudeaketa negargarriaren beste adibide bat da, enpresek ixtea edo Nafarroatik alde egitea lortzen ari baita".