16:13

Ekonomia

Ixteko arriskua

Balenciaga ontziolak aurrera jarraitzeko "aukerak bilatzen" ari dela esan du Espainiako gobernuak

Agentziak | EITB Media

COFIDES sozietateak enpresaren itxiera “eragiteko” hartutako erabakiari buruz EH Bilduk egindako galderari erantzunez, "epe luzerako plan bideragarria eta errealista" lortzeko deia egin du Ekonomia ministroak.

  • Zumaiako Balenciaga ontziola. Argazkia: EFE.

    Zumaiako Balenciaga ontziola. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EH Bilduk Kongresuan egindako galdera baten aurrean, Carlos Cuerpo Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroak adierazi du Espainiako gobernua "aukerak bilatzen" ari dela Balenciaga ontziolak Zumaian (Gipuzkoa) jarraitzea bermatzeko; izan ere, ixteko arriskuan dago. Hala ere, "epe luzerako plan bideragarri bat, plan errealista bat eta, gainera, Europa mailako estatu-laguntzen markoa betetzea" eskatu du.

Hala erantzun dio ministroak EH Bilduk Kongresuan duen Oskar Matute diputatuari, Gobernuaren kontrolerako saioan, COFIDES Estatuko Sozietateak Zumaian dauden ontziola horien itxiera "eragiteko" hartutako erabakiarekin bat ote datorren galdetu dionean.

"Ontziola horiek egoera delikatuan daude, itxieraren atarian ia, finantza berregituratzeko planak aurrera egiten ez duelako, eta horrek hartzekodunen konkurtsoa eragin du. Egoera txar honetan Ekonomia Ministerioak zerikusia du, ez dakit borondatez edo nahi gabe, COFIDESek sastakada egin dio txosten negatibo batekin", azaldu du Matutek.

Horren aurrean, Cuerpok gogorarazi du Espainiako Gobernuak covid-19aren pandemian enpresak babesteko abiatu zuen birkapitalizazio-tresnagaz bultzatu zuela COFIDES, baina plan hori ez dela bete eta ordutik egoerak okerrera egin duela. Are, maileguari lotutako interesen ordainketa ere bete ez dela onartu du.

Horregatik, Cuerpok esan du Gobernua Balenciaga ontziolen "biziraupena eta epe luzerako bideragarritasun-gaitasuna maximizatzeko aukerak bilatzen" ari dela, baina iragarri duhorretarako gainerako administrazioen eta inplikatutako gainerako eragileen laguntza beharko duela. "Kasu honetan, ez da COFIDESi bakarrik dagokion kontu bat. Babesteko, epe luzerako plan bideragarri bat behar dugu, plan errealista bat, eta, gainera, Europa mailako estatu-laguntzen esparrua betetzea ahalbidetuko diguna", azpimarratu du.

EH Bilduk konponbidea eskatu du

Dena dela, Matutek "albotik" irtetea leporatu dio Cuerpori, eta "COFIDESen alternatiba zein den" galdetu dio, ea uste duen hobe dela enpresa ixtea kredituaren zati hori berreskuratzea baino, erritmo mailakatuagoan eta motelagoan bada ere.

"Euren jarrera aldatzeko, COFIDESen jarrera berrikusteko eta, jakina, langileekin batera lanpostuei eusteko alternatibak bilatzeko eskatzen diegu", esan du koalizio abertzalearen diputatuak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena