13:47

Ekonomia

Arrantza kuotak

Txitxarroaren kuota hirukoiztu eta berdelarena % 22 jaitsi du Bruselak 2025ari begira

EITB MEDIA

Europar Batasuneko Arrantza ministroek ituna itxi dute bart, arrantza kuotei dagokionean. Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak balorazio "gazi-gozoa" egin du, kuotek gora egingo dutelako baxurako ontzientzat, baina behera, alturakoentzat.

0:14
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

2025ean Hego Euskal Herriko arrantzaleek harrapatu ahalko dituzten arrain espezieen kuotak adostu dituzte goizaldean Bruselan. Esanguratsuenetarikoa, txitxarroaren kuota % 300-400 igoko dela. Ifrentzuan, berdelaren edota iparraldeko legatzarena % 20 inguru jaitsiko da.

Europar Batasuneko (EB) Arrantza ministroek bart itxi dute ituna. Luis Planas Espainiako Nekazaritza eta Arrantza ministroak agerraldia egin du goizean xehetasunak emateko. Nabarmendu duenez, akordioaren "emaitzak positiboak" dira Kantauri Itsasoko arrantzarentzat. Zuhurrago agertu da Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendaria, eta balorazio "gazi-gozoa" egin du. Izan ere, akordioak mesede egiten dio baxurako flotari, baina kalte, alturakoari.

Ildo beretik mintzatu da Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Eledunak "kezka" agertu du alturako ontzien egoeragatik. Gobernu bileraren osteko agerraldian gaiaz galdetuta, Ubarretxeak erantzun du "susmoa" dutela Espainiako Gobernuak ez ote duen negoziazioetan Mediterraneoko arrantza lehenetsi, Kantauriko arrantzaleen kaltetan.

Igoerak, baxurako flotarentzat

Hori horrela, baxurako ontziei mantendu egingo diete hegoaldeko legatzaren kuota (guztira, 10.953 tona, 2024ko kopuru bertsua), eta igo oilarrarena (4.340 tona, % 16,8 gehiago) eta zapoarena (3.942 tona, % 22,8 gehiago).

Gehien haziko dena txitxarroarena da, kopuruak hirukoiztu eta laukoizteraino —batez ere, azken urteotan kuota ia zeroan egon delako—. Ministroaren arabera, "kopuru garrantzitsuak" harrapatu ahalko dira datorren urtean. Zehazki, 6.719 tona izango dira; "lasaitu ederra", Hego Euskal Herriko arrantzaleentzat.

Antxoaren 2025eko kuota ez dute oraindik zehaztu, zientzialariek espeziearen egoeraren txostena entregatzeke dutelako. Nolanahi ere, espero da egungo 33.000 tonei eustea.

Kaltetuenak berdela harrapatzen dutenak izango dira. Izan ere, espezie horren zaurgarritasun egoera dela eta, % 21,97 jaitsiko dute baimendutako kuota (21.718 tona, guztira).

Alturako ontziak, kaltetuta

Alturako ontziei dagokienez (adibidez, Ondarroakoak), nabarmen murriztuko da iparraldeko legatzaren kuota —Sole Handian harrapatzen dena; Euskal Herrian fresko kontsumitzen den gehiena handik dator—, baina espero zena baino gutxiago (% 30eko beherakada proposatzen zuen Bruselak). Azkenean, % 20 jaitsiko dute. Era berean, behera egingo dute zapoaren (% 1,28), oilarraren (% 8,92) eta bakaladaren ( %5,41) kuotek.

Aurten Mediterraneoko arrantzak eragin ditu buruhauste gehien. Espainiako, Frantziako eta Italiako gobernuak borrokan aritu dira arrasteko flotaren arrantza egunak "ezerezean" gera ez zitezen —urtean 27 egun proposatzen zituen Batzordeak—. Azkenean, neurri jasangarri sorta bat proposatu die Bruselak (besteak beste, harrapatutako arrain motak eta tamainak "aukeratzea") trukean. Betez gero, arrantza egunen kopurua "nabarmen" igoko diete.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena