Ekonomia
EAE-KO AURREKONTUAK
AGENTZIAK | EITB Media
Imanol Pradales lehendakariaren arabera, bi eredu defendatzen dituztelako "oinarrian aldeak" daude bi alderdien artean. Halaber, aurrekontu akordiorik ez badago, zail ikusten du herri itun garrantzitsuak lortzea.
Imanol Pradales lehendakaria, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
2025eko aurrekontuak adosteko negoziazioak zabalik ditu Eusko Jaurlaritzak EH Bildurekin, eta Imanol Pradales lehendakariak akordioa lortzea baztertzen ez badu ere, onartu du Etxebizitza arloan bi aldeen arteko jarrerak urrun daudela. Halaber, aurrekontu akordiorik ez badago, zail ikusten du aurrera begira herri itun garrantzitsuak lortu ahal izatea.
Onda Vasca irrati katean egindako elkarrizketan, osoko zuzenketarik aurkeztu ez izana eskertu dio Pradales lehendakariak EH Bilduri. Hala ere, koalizio subiranistari aurpegiratu dio hainbat gai negoziazio mahaitik kanpo uztea eta Etxebizitzaz eta lanbidearteko gutxieneko soldataz soilik hitz egin nahi izatea.
Lanbidearteko gutxieneko soldatari dagokionez, Pradales lehendakariak gogorazi du Eusko Jaurlaritzak arlo horretan ez duela eskumenik. Gainera, nabarmendu du elkarrizketa sozialaren mahaian gai hori jorratu daitekeela.
Etxebizitzari lotuta, bi alderdien artean "alde nabarmenak" daudela onartu du, bi eredu desberdinen alde egiten dutelako.
Oposizioak 700 zuzenketa partzial baino gehiago aurkeztu dizkio proiektuari
Ingurumari horretan, oposizioko taldeek 700 zuzenketa partzial baino gehiago aurkeztu dizkiote Eusko Jaurlaritzaren 2025eko aurrekontuen proiektuari. Horrez gain, gogora ekarri behar da PPk, Sumarrek eta Voxek osoko zuzenketa bana erregistratu dituztela.
EH Bilduk 20 zuzenketa aurkeztu dizkie partida jakinei, eta beste bost, testu artikulatuari.
Alderdi Popularrak, bestalde, 613 zuzenketa partzial erregistratu ditu, eta 21, artikulatuari. Horiei guztiei osoko zuzenketa batu behar zaie.
Sumarrek diru partiden inguruko 56 zuzenketa eta artikulatuari sei egin dizkio, baita osoko zuzenketa ere. Voxek osoko zuzenketa baino ez du aurkeztu.
Azkenik, Jaurlaritza osatzen duten bi taldeek (EAJ-PSE-EE) 34 zuzenketa partzial eta testu artikulatuari egindako bost erregistratu dituzte. Gainera, EH Bildu eta Sumar taldeekin adostuta, partidak zuzentzeko hiru erdibideko proposamen aurkeztu dituzte.
Proposamen berria EH Bilduri
Gaur, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak jakinarazi du bihar bilera bat egingo dutela EH Bildurekin, akordiorako aukerak aztertzen jarraitzeko. Aurrekontuen inguruko proposamen berri bat aurkeztuko diote koalizioari.
Gasteizko Exekutiboko iturrien arabera, "akordiorako borondatearekin" eseriko dira mahaiaren bueltan bigarren hitzordu horretan, baina argi utzi dute "epeak agortzen" ari direla eta jarrerak hurbiltzea premiazkoa dela, ituna itxi nahi bada.
Oraingoz, ez dute aurreratu bihar EH Bilduri egingo dioten proposamenaren edukia.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa