15:34

Ekonomia

Enpresak

Just Eat Espainiak Glovo auzitara eraman du lehia desleialagatik, eta 295 milioi euro erreklamatu dizkio

Agentziak | EITB MEDIA

Plataformaren arabera, Kataluniako enpresak "645 milioi euro baino gehiago aurreztu ditu autonomo faltsuak kontratatuz azken urteetan", eta horri esker "lehiarako abantaila esanguratsua" lortu du.

  • Glovo enpresaren banatzaile bat, artxiboko irudian. Argazkia: EFE

    Glovo enpresaren banatzaile bat, artxiboko irudian. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Just Eat etxez etxeko banaketa plataformak Glovoren aurkako demanda aurkeztu zuen joan den azaroaren 29an Bartzelonako merkataritza-arloko epaitegietan, lehia desleiala egotzita, eta 295 milioi euro erreklamatu dizkio, autonomo faltsuak kontratatzeagatik.

Danimarkar jatorria duen plataforma horren arabera, Bartzelonan sortutakoa baina Alemaniako Delivery Hero jabetzakoa den Glovo enpresak "645 milioi euro baino gehiago aurreztu ditu azken urteetan autonomo faltsuak kontratatuz", eta horri esker "lehiarako abantaila esanguratsua eskuratu du".

Alabaina, astelehen honetan, Glovok iragarri du Espainiako Estatuan langileekin duen harreman-eredua aldatu egingo duela; orain arte banatzaile autonomoak izan ditu, eta azaldu du lan-kontratuak egingo dizkiela horiei. Oscar Pierre sortzaileetako batek ikertu gisa deklaratu baino egun bat lehenago egin du iragarpena; izan ere, Bartzelonako epaitegi bat langileen eskubideak urratu ote dituen ikertzen ari da.

Komunikatuan, Espainiako Just Eatek gogorarazi duenez, "epai ugarik zigortu dute Glovo, banatzaileak autonomo faltsu gisa kontratatzeagatik eta lan-zuzenbideko araudia urratzeagatik", eta, horren ondorioz, Just Eat "lehiarako desabantaila-egoera argian dago"; izan ere, gogoratu duenez, plataforma horrek "legeak eskatzen duen bezala, banatzaileak besteren kontura kontratatzen ditu, eta kostu gehigarri handiak eragiten ditu", argudiatu du.

Bestalde, Glovok bere lan-estrategiaren barruan kokatu du aldaketa hori, "Espainia den jatorrizko herrialdearekin, eta merkatu nagusiarekin duen konpromiso irmoaren baitan", eta zehaztu du elkarrizketa mahai bat irekiko duela eragile sozialekin, eredua aldatzeko prozesua gidatzeko.

Enpresa horrek adierazi duenez, banaketak egiten dituen hiri guztietan (900 baino gehiago) eta aplikazioaren alor guztietan egingo dute eredu-aldaketa, baina ez du zehaztu noiz egingo den, ezta noiz irekiko den elkarrizketa-mahaia ere.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena