Itxi

Ekonomia

LAN GATAZKA

Alemaniako Volkswageneko 60.000 langilek bat egin dute astelehen honetan hasitako protestekin

EITB MEDIA

Beharginen soldata % 10 txikitzeko asmotan dabil enpresa, gastuak murriztu beharrean dagoela arrazoituta. Gainera, Alemaniako hainbat lantegi itxi nahi ditu, 87 urtean lehen aldiz.

  • Volkswageneko langileak, Wolfsburgen. Argazkia: EFE

    Volkswageneko langileak, Wolfsburgen. Argazkia: EFE

Alemaniako Volkswagen taldeko langileek protesta uholdea hasi dute astelehen honetan Alemanian, lantegiak ixteko eta milaka langile kaleratzeko mehatxuaren aurka protesta egiteko.

Sindikatuek deituta, bi orduko lanuzteak egingo dituzte herrialdeko txanda guztietan, eta aurreikusi dute astearte goizean amaitzea, gaueko txandaren amaieran.

Volkswageneko 60.000 langile inguruk bat egin dute protestekin (Alemaniako lantegien lan-indarraren erdiak baino gehiagok), IGMetall sindikatuak zabaldutako oharraren arabera.

Volkswagenek Alemanian dituen lantegi guztietan izan dute eragina lanuzteek, batean izan ezik.

Volkswagen (VW) enpresako sindikatuek greba deitu dute gaurdanik Alemaniako ekoizpen lantegietan, zuzendaritzak milaka lanpostu desagerrarazteko hartu nahi dituen neurriak gaitzesteko, IG Metall sindikatuak ohartarazi duenez.

Langileen protesta Wolfsburgeko fabrikan. Argazkia: EFE

Langileen protesta, Wolfsburgeko fabrikan. Argazkia: EFE

Europako auto ekoizle nagusiaren eta Volkswageneko langileen arteko liskarra albiste da azkenaldian, enpresak beharginak kaleratuko dituela, soldatak jaitsiko dituela eta lantegiak itxiko dituela iragarri zuenetik.

Horri erantzunez, greba mugatuak deitzea adostu zuten langileek iragan azaroaren 22an. "Beharrezkoa bada, Volkswagenek sekula ikusi duen negoziazio borroka gogorrena izango da hau", esan du ohar batean IG Metall sindikatuaren ordezkari Thorsten Groegerrek.

"Ika-mika honen iraupena eta indarra Volkswagenek negoziazio mahaian duen jokabidearen araberakoak izango dira", erantsi du Groegerrek.

Bestalde, Volkswagenek adierazi du "elkarrizketa eraikitzaileetan" sinesten duela oraindik ere, "gatazkari irtenbide bat bilatze aldera".

Negoziazioek zuzenean eragiten diete Volkswagenen Alemaniako mendebaldeko lantegietako 120.000 langileri eta edozein akordiok ondorio zuzenak izango lituzke Saxonia ekialdeko Alemaniako Estatuko lantegietan lan egiten duten 10.000 langilerentzat.

Sindikatuak, bere aldetik, neurri sorta bat proposatu zuen iragan astean, auto ekoizleak 1.500 milioi euro aurrez ditzan. Besteak beste, 2025eko eta 2026ko hobariei uko egiteko prest agertu ziren beharginak, baina Volkswagenek atzera bota zuen proposamena.

Bitartean, soldatak % 10 txikitzeko asmoa erakutsi du, gastuak murriztu beharrean dagoela argudiatuta, "horrela Txinarekin lehian jarraitu ahal izango dugu", esan dute. 87 urtean lehengo aldia da Volkswagenek lantegiak ixteko intentzioa agertu duela.

Daniela Cavallo Volkswagenen enpresa-batzordeko buruak adierazi duenez, abenduaren 9an Volkswagenen zuzendaritzarekin egingo duten hurrengo bileran erabakiko dituzte hurrengo pausoak. "Beharrezkoa bada, greba ekintza gehiago hasiko ditugu", gaineratu du.