Ekonomia
EAE-KO AURREKONTUAK
EH Bilduk ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari, negoziatzen jarraitzeko
O. A. | EITB Media
Pello Otxandianok iragarri duenez, koalizio subiranistak zuzenketa partzialak aurkeztuko ditu, "negoziazioari eta elkarrizketari" bide emateko.
-
Pello Otxandiano Euskadi Irratian
25:18 min
Eguerdian amaitzen da Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako 2025eko aurrekontu proiektuari osoko zuzenketak aurkezteko epea, eta EH Bilduk iragarri du ez duela osoko zuzenketarik aurkeztuko. Horren ordez, koalizio subiranistak zuzenketa partzialak erregistratuko ditu "negoziazioari eta elkarrizketari" bide emateko, eta akordioa lortzeko ahaleginetan jarraitzeko.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak azaldu duenez, abenduko bigarren edo hirugarren astera arte negoziatzen jarraitzeko "denbora dago" eta "aukera aprobetxatu" egin behar da. Esparru batzuetan posizioak hurbiltzea lortu duten bitartean, beste batzuetan jarrerak urrunago daudela onartu du koalizio subiranistak.
EH Bilduk gaur-gaurkoz negoziazio mahaian jarri dituen bi gai nagusiak etxebizitza eta lanbidearteko gutxieneko soldata propioa (SMI) dira. Otxandianok gezurtatu egin du, atzo koalizioak egin bezala, EH Bilduren hirugarren proposamenak fiskalitateari buruzko puntua jasotzen zuela. Are gehiago, akordioa errazteko bi gai (fiskalitatea eta zaintza) erretiratu egin zituztela nabarmendu du. Edozein kasutan, etxebizitzari buruzko proposamenean fiskalitateari lotutako puntu bat bazegoela adierazi du, zehazki, erreferentziazko prezioaren indizetik behera alokatzen duenari hobari fiskalak ezartzea eta gainetik alokatzen duenari, berriz, penalizazioak. Dena dela, akordioa lortzeko neurri hori ere kanpoan uzteko prest agertu da.
Otxandianok jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak mahai gainean jarritako azken proposamenak 32 puntu jaso ditu, tartean, etxebizitzarena eta lanbidearteko gutxieneko soldatarena. Etxebizitzari dagokionez, gobernuak egindako proposamena "ez nahikoa da erabat" EH Bildurentzat. 2022ko aurrekontu akordioa 86 milioi euroren truke egin zutela eta orain 34 milioiko proposamena egin dietela salatu du legebiltzarkide subiranistak, erdia baino gutxiago. Neurri "ausartak" behar direla aldarrikatu du eta horien artean aipatu ditu, besteak beste, etxebizitza parke publikoa handitzea, etxebizitza turistikoak mugatzea eta etxebizitza hutsak mobilizatzea.
Lanbidearteko gutxieneko soldatari lotuta, aurrerapausoak eman direla eta posizioak "nahiko gertu" egon daitezkeela onartu du Otxandianok. Hala ere, oraindik zehaztapen batzuk argitzea falta dela esan du, tartean, ze kolektibori eragingo dien (EAEn sinatzen diren lan hitzarmenak, estatalak, lan hitzarmenik gabekoak).
Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, bere aldetik, uste du "oso gertu" egon litekeela 2025eko EAEren aurrekontuen inguruko akordioa EH Bildurekin.
Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek (EAJ eta PSE-EE) 2025erako aurrekontuak onartzeko gehiengo osoa badute ere, akordio hori zabalagoa izatea nahi dute. PPk eta Sumarrek negoziazioekin ez jarraitzea erabaki dute, eta, hortaz, orain EH Bildu da aukera bakarra.