Ekonomia
Beharginen ordezkaritza
EITB Media
45.000 langile baino gehiago daude botoa ematera deituta 355 ordezkari aukeratzeko, aurreko hauteskundeetan baino 39 gehiago. Gaur egun, SATSE erizainen sindikatuak eta ELAk ordezkarien ia erdiak dituzte sektorean, % 48,1.
Osakidetzaren zortzi sindikatuen banaketa. Grafikoa: EITB Media
Osakidetzako langileria osatzen duten 45.000 pertsona pasatxo hautestontzietara deituta daude gaur, 2013tik —Gipuzkoan, 2014tik —egingo diren lehen hauteskunde sindikaletan.
Hitzordu sindikala une erabakigarrian iritsi zaio osasun zerbitzuari, sindikatuak —ELAk eta ESK-k izan ezik, ez baitute parte hartzen— Osasun Ituna negoziatzen ari direnean "Osakidetza eraldatzeko" eta "bikaintasuna" itzultzeko.
Data uztailean iragarri zen, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak eta osasun zerbitzuan ordezkaritza duten sindikatuek mahai sektorialean akordioa lortu ondoren.
Langileek —azaroaren 28an Osakidetzarekin kontratua duen edonork— 355 ordezkari aukeratuko dituzte guztira, aurreko lehian baino 39 gehiago. 82 bozketa-mahai prestatu dira, zentroetan eta ESIetan banatuta. Ordutegiari dagokionez, 07:00etatik 23:00etara eman ahal izango da botoa ospitaleetan; 08:00etatik 20:00etara, lehen mailako arretako zentroetan, eta 08:00etatik 20:00etara, Erakunde Zentralean eta Larrialdietan. Posta bidezko botoa ere bideratu da.
Gaur egun, SATSE da sindikatu nagusia Osakidetzan, 78 ordezkarirekin, eta oso gertutik jarraitzen dio ELAk, 74 ordezkarirekin. Bi sindikatuek ordezkaritzaren ia erdia biltzen dute. Urrun samar LAB dago, 42 ordezkarirekin; SME, 31rekin; CCOO, 30ekin; UGT, 22rekin; Erizaintzako Laguntzaileen Sindikatu Batasunak (USAE) eta ESK-k, 19 eta 19 dituzte, hurrenez hurren; eta USO, ordezkari bakarrarekin. Zortzi ordezkaritza sindikalok aurkeztu dituzte hautagaitzak oraingo honetan ere.
Osasun sailburua: "Normaltasunaren adibide dira"
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua "pozik" agertu da hauteskunde sindikalak egin behar direlako. Horren aburuz, bozak "normaltasunaren adibide dira". "Guretzat oso garrantzitsua da parte hartzea, eta baita sindikatuen egitekoa ere", erantsi du Legebiltzarrean egindako adierazpenetan.
Hauteskundeen inguruan mintzatu da Nerea Kortajarena EH Bilduren legebiltzarkidea. Hori ere pozik agertu da, gaurkoa "egun garrantzitsua" dela azpimarratuta. Horren esanetan, Osakidetzaren zuzendaritzak "denbora gehiegi darama langileei bizkarra ematen", eta hori izan daiteke Osasun Zerbitzu Publikoaren "gainbeheraren arrazoietako bat". "Kontuan hartu beharko dugu langileek adierazten digutena, Osakidetza berriro zutik jartzeko", nabarmendu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa