Ekonomia
HEZKUNTZA
EITB MEDIA
Patronalak emandako datuen arabera, eredu duala 2012an martxan jarri zenetik, 40.000 gazte inguru formatu dira EAEko 22.000 enpresa baino gehiagotan.
Lanbide Heziketako ikasle bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Enpresen "lehiakortasuna hobetzeko" zein "talentu gaztea arrakastaz erakartzeko" bide "bikaina" da Lanbide Heziketa dualeko EAEko eredua. Hala uste du Tamara Yagüe Confebask patronalaren presidenteak, eta, zentzu horretan, mezu argia helarazi die enpresaburuei: "Anima zaitezte lanbide heziketa duala are gehiago erabiltzera", esan die.
Patronalak deituta, Enpresa&LH ekitaldiaren 31. edizioa hartu du gaur Bilboko Euskalduna Jauregiak. Lanbide heziketako zentroen eta enpresen arteko lankidetza sarea sendotzea eta zabaltzea du helburu ekitaldiak, eta han izan dira zenbait ikastetxe eta enpresaren ordezkariak. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak hartu du parte.
Ekitaldian, Lanbide Heziketan titulatu berri diren 400 gazte inguru elkartu dira, eta diplomak banatu zaizkie. Horiei ere zuzendu zaie Yagüe bere hitzaldian, "proaktiboak" izan daitezela eskatzeko. "Zuen jarrera funtsezkoa da. Ziurta diezazueket enpresetan ibiltzen diren ikasle askori ez dietela handik ihes egiten uzten. Proaktibo dihardutenak dira, beren zereginen esparutik harago egiten diren jarduerekiko interesa erakusten dutenak. Egin ezazue proba. Egon zaitezte jarrera ekintzalea izateko prest, eta eman zeuen buruari hazten jarraitzeko aukera", azaldu die.
Confebaskek emandako datuen arabera, eredu duala 2012an martxan jarri zenetik, 40.000 gazte inguru formatu dira EAEko 22.000 enpresa baino gehiagotan. Yagüeren hitzetan, "enpresen, erakundeen eta hezkuntza sistema osoaren inplikazioari esker, Espainiako Estatuan zein Europar Batasunean erreferente den eredu bat finkatu dugu".
Azkenik, Pedrosa sailburuari esan dio "Confebask aliatu estrategiko bat" dela Jaurlaritzarentzat, "gazteen heziketa hobetzen jarraitzeko". Erantsi du "LHren Lege Organiko berria Euskadin lurreratzen laguntzeko" prest dagoela patronala.
Bere aldetik, sailburuak "erakundeen arteko lankidetza" goraipatu du, bere hitzetan, "ikasleen prestakuntza praktikoan aurrera egitea ahalbidetu baitu, bai euskal enpresetan, bai atzerrian. Halaber, Pedrosak aipamen berezia egin nahi izan die LHko emakume ikasleei, lanbide-arloetara sartzen diren "ikasleen artean genero-berdintasuna bultzatzen ari direlako". "Ekitatearen, errespetuaren, kohesioaren eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko apustua egiten jarraitzeko beharra" azpimarratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa