Ekonomia
TEKNOLOGIA
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Abaltzisketa eta Amezketa arteko errepidean egingo da lehen proba pilotua, eta ondoren, Zerain eta Segura artekoan. Aurrena gidaria izango dute ibilgailuek, baina etorkizunean gidaririk gabeko autobus autonomoek herri txikien arteko garraio loturak egitea lortu nahi da.
Gidaririk gabeko mugikortasun eredu aitzindaria abiarazi nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, herri txikietako garraio publikoaren osagarri gisa, eta horretarako esperientzia pilotua martxan jarri ere bai: Abaltzisketa eta Amezketa arteko bidea hautatu du horretarako. Bi udalerri horiek lotzen dituen errepidearen ezaugarriak aztertuko dituzte aurrena, auto autonomoen teknologiak mota horretako bideetara egokitzeko duen gaitasuna neurtzeko: bihurguneak, maldak eta bestelako baldintza aldakorrak identifikatuko dira.
Eta behin hori eginda, datorren urteko martxotik aurrera, herritarrek probak egin ahal izango dituzte ibilgailu autonomo batekin, eta euren iritziak jakinarazi. Aurreneko probaldi fasean, gidaria izango du autoak. "Gipuzkoako landa inguruneko mugikortasuna eraldatzea, garraio publikoko sistemaren osagarri gisa, herri txikietan bizi diren herritarren beharrak asetzeko". Hori da ekimenaren xedea.
LandaGO izena du proiektuak, eta goizean aurkeztu dute, Abaltzisketan. Han izan dira, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia, eta Jon Zubizarreta, Mikel Arteaga eta Gorka Urteaga, Abaltzisketako, Amezketako eta Zeraingo alkateak, hurrenez hurren. Egitasmo publiko-pribatua da, eta han izan da, baita ere, proiektua koordinatu eta garatu duten Vicomtech, BCCAM eta Europage enpresa eta erakundeen ordezkaritza bat.
Egindako hitzaldian, Mendozak nabarmendu du Europa mailan "mugikortasun autonomoan aitzindaria" izango dela proiektua, eta "udalerri txikietako garraio aukerak eraldatzea" duela helburu, "udalerri horietan bizi diren herritarren ongizate sozial eta ekonomikoa hobetzeko balioko duen zerbitzu berritzaile bat garatuz". "Funtsezkoa da landa inguruneko biztanleek hiriguneetan bizi diren pertsonek dituzten aukera berberak izatea mugikortasunari eta zerbitzuei dagokienez", gehitu du.
Bere aldetik, Abaltzisketako alkateak proiektu honen "garrantzia" azpimarratu du, "landa-ingurunean kokatutako udalerri txikiek ere abangoardiako irtenbide teknologikoak izan eta horiek erabili ahal izateko, herritarren ongizateari lagunduko dion zerbitzua emateko, hiri-inguruneetan egiten den bezala". Azaldu duenez, sistema horrek herritarrak gainerako udalerriekin konektatzeaz gain, "gure herri txikiak bizirik mantentzen lagunduko du".
Hurrengo urratsak
Lehen proba pilotua amaituta, Zerain eta Segura arteko bidean beste bat egingo da, 2025eko abuztutik abendura bitartean. Abaltzisketa eta Amezketa arteko tartean ikasitakoak ezarriko dira han, eta datu gehiago bilduko dira. "Zerbitzua tokian tokiko beharretara egokitzea eta fase bakoitzean eredua optimizatzea" da asmoa.
Aurreikusten da 2026ko erdialdetik aurrera "Abaltzisketa eta Amezketa eta Zerain eta Segura artean ibilgailu elektriko autonomo bat ezarri eta jarduteko lehen probak" egitea.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa