Ekonomia
Lanaldi murrizketa
EITB MEDIA
Sindikatuen buruak Espainiako Lan Ministerioarekin ere biltzekoak ziren, baina bertan behera gelditu da, goi-geruzetako depresio isolatuak eragindako txikizioaren ondorioz.
Unai Sordo CCOOko idazkari nagusia, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media.
Unai Sordo CCOOko idazkari nagusia eta Pepe Alvarez UGTren burua EAJrekin eta EH Bildurekin bilduko dira astelehenean lanaldiaren murrizketaren inguruan eztabaidatzeko. Raul Arza UGT-Euskadiren idazkari nagusiak eta Loli Garcia CCOO-Euskadiren idazkari nagusiak ere parte hartuko dute bileretan.
Goizean, Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentearekin, Joseba Aurrekoetxea burukidearekin eta Aitor Esteban Diputatuen Kongresuko Euskal Taldearen bozeramailearekin bilduko dira, Sabin Etxean.
Arratsaldean, berriz, EH Bilduren Donostiako egoitzan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiarekin, Nerea Kortajarena legebiltzarkidearekin eta Miren Zabaleta EH Bilduren Nafarroako arduradun politikoarekin bilduko dira.
Horrela, sindikatuetako buruek Legebiltzarreko taldeen babesa lortzeko aurreikusita dituzten bilerei ekingo diete. Era berean, Espainiako Lan Ministerioarekin ere biltzekoak ziren, baina Unai Sordok Radio Euskadiren mikrofonoetan azaldu duenez, bertan behera utzi du bilera Ministerioak, Valentziako Erkidegoa astindu duen denboraleak utzitako egoeraren ondorioz.
Unai Sordok EAJk eta EH Bilduk lanaldiaren murrizketaren proposamena babestuko duen esperantza du, hala egin ezean euskal herritarrek ez luketelako ulertuko atzera bota izana. Alabaina, alderdi bakoitzak "iruzurra" saihesteko dituen ordutegi-kontrolen inguruko proposamenak aztertuko ditu.
CCOOko idazkari nagusiak azpimarratu du EAJren jarrera beraiek zehaztu beharko dutela, baina esan duenez, ez du uste "zentzuzkoa litzatekeenik euskal alderdi batek horrelako neurri bati uko egitea, Euskadin batez besteko lanaldia Estatu mailakoaren azpitik egonda, eragin txikia izango lukeelako".
Era berean, EH Bilduk, hasiera batean, lanaldi murrizketaren "ideiarekin bat egiten" duela gehitu du, eta, ondorioz, ez du uste horri uko egingo dionik.
Sordoren hitzetan, "helburua ez da lanaldi legala murriztea soilik, baizik eta lanaldiak betetzen direla bermatzen dituen tresnak" ere eskura izatea. "Sarritan, hitzarmenak edo legeak dioenaz harago, lanaldiak aurreikusitakoa baino gehiago luzatzen dira, eta hori arautzea edo hobeto kontrolatzea beharrezkoa da", horren iritzian.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa