17:29

Ekonomia

Autoen sektorea

Automobilgintzaren krisia areagotu egin da: Audik 4.500 langile kaleratuko ditu, eta Nissanek 9.000

EITB MEDIA

Bi enpresak doikuntza-planak egiten ari dira errentagarritasuna berreskuratzeko asmoz.

  • Hainbat ibilgailuren artxiboko irudia. Argazkia: EFE

    Hainbat ibilgailuren artxiboko irudia. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Audi eta Nissan, automobilgintzako bi erraldoi, lana doitzeko planak egiten ari dira beren eskualdeetan, mozkinen beherakadari eta merkatu garrantzitsuetako salmenten moteltzeari erantzuteko.

Audiren kasuan, Volkswagen taldearen marka Alemaniako sindikatuekin negoziatzen ari da epe ertainean 4.500 langile kaleratzeko plana; kopuru hori langileen % 15 inguru da ibilgailuen zuzeneko ekoizpenarekin zerikusirik ez duten arloetan. Murrizketek, tokiko hedabideek aurreratu dutenez, garapen-eremua bezalako dibisioei eragingo diete batez ere, 2.000 postu baino gehiago ken baitaitezke.

Erabaki hori finantza-zailtasunen testuinguruan hartu da; izan ere, hirugarren hiruhilekoaren amaieran, Audik % 45,75eko murrizketa izan zuen irabazi garbietan, eta 2.425 milioi eurora iritsi zen. Konpainiaren salmentak mundu mailan jaitsi ziren: % 8,5 Txinan, % 16,8 Estatu Batuetan eta % 9,8 Europan.

Nissanek, bere aldetik, 9.000 langile kaleratuko dituela iragarri du, errentagarritasuna berreskuratzera bideratutako doikuntza baten barruan, batez ere bere bi merkatu garrantzitsuenetan: Estatu Batuetan eta Txinan. Langile guztien % 6,7ri eragingo diete kaleratzeek, batez ere salmenta-arloetan, gastu orokorretan eta administrazioan.

Salmentak % 3,8 jaitsi dira bigarren hiruhileko fiskalean, eta fabrikatzaile japoniarrak munduko 25 lantegietan duen ahalmen operatiboa % 20 murrizteko asmoa du, aktiboak arrazionalizatzeko eta ikerkuntza- eta garapen-baliabideak birbideratzeko ahaleginean.

Bi enpresa horiez gain, Volkswagenek kostuak aurrezteko plan bat aurkeztu zuen joan den astean. Plan horren arabera, langileen soldatak % 10 murriztuko lirateke, Alemanian hiru lantegi ixtea saihestearen truke.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena