09:57

Ekonomia

MERKATUEN ERREAKZIOA

Dolarra, kriptotxanponak eta Europako burtsa nagusiak gora, Trumpen garaipen argiaren aurrean

AGENTZIAK | EITB Media

AEBko hauteskundeetako lehen emaitzen berri izandakoan, dolarrak % 2 egin du gora euroaren aurrean, eta bitcoin kriptotxanponaren balioa, ostera, % 8 hazi da.

  • New Yorkeko burtsa (Wall Street), artxiboko irudi batean

    New Yorkeko burtsa (Wall Street), artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Donald Trump AEBko presidente ohi eta hautagai errepublikanoa Etxe Zurira itzuliko dela ziurra dirudien honetan, nabarmen gora egin dute dolarrak, bitcoin kriptotxanponak eta AEBko zorraren errentagarritasunak. Halaber, Europako burtsa nagusiek, Madrilgoak salbu, irabazi txikiak pilatu dituzte saioaren hasieran.

Hauteskundeetako lenehbiziko emaitzak ezagutu berritan, diru merkatuek goranzko bidea hartu dute. Wall Streeteko burtsa ireki zain, adituek % 1etik gorako irabaziak iragartzen dizkiote.

Dolarrak % 2 egin du gora euroaren aurrean, eta 2020ko martxotik egun bakarrean izan duen igoerarik handiena da. Euroaren eta dolarraren truke-tasa 1,0711koa da. Are gehiago, munduko dibisa ia guztiekin alderatuta, dolarrak gora egin du.

Bitcoin kriptotxanponaren balioak nabarmen egin du gora. Izan ere, % 8 hazi da eta bere balioa 75.000 dolarretik gora kokatu da. Gaurko datuak marka berri bat ezarri du.

Europako burtsa nagusiek gora egin dute egunaren hasieran. Madrilgoa da salbuespen bakarra, izan ere, % 0,44 egin du behera saioaren hasieran. Europako gainerako tokietan, ordea, irabazi txikiak izan dituzte goizaren hasieran. Horrela, Frankfurteko burtsak % 0,44 irabazi du, Milanekoak, % 0,58; Pariskoak, % 0,51, eta Londreskoak, % 0,82.

Asian, Tokioko burtsaren Nikkei indizeak % 2,61eko irabaziekin itxi du asteazkeneko saioa.

Merkatuen erreakzio orokorra positiboa izan bada ere, hainbat adierazlek behera egin dute. Esaterako, hamar urterako AEBko bonoen prezioak nabarmen egin du behera, baina errentagarritasuna % 4,42an kokatu da.

Bestalde, Brent upela, Europan erreferentzia gisa erabiltzen dena, 74,04 dolarrera igo da (% 2) goizeko lehen orduan. Urrearen balioak ere behera egin du, % 0,52, eta 2.726 dolarrera iritsi da.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena