11:45

Ekonomia

ETxebizitza

Donostiako Udalak hiriburua gune tentsionatu izendatzea eskatu dio Jaurlaritzari

EITB Media

Irunek eta Errenteriak (Gipuzkoa), Galdakaok (Bizkaia) eta Nafarroako 21 udalerrik bezalatsu jokatu du hiriak. Eneko Goia alkatearen arabera, Etxebizitza Legeak ezarritako baldintzak betezen ditu Donostiak. Zehazki, alokairuaren kostua familien batez besteko errentaren % 31,6 da.

  • Kontxako hondartza, Luis Dadebatek egindako argazki batean.

    Kontxako hondartza, Luis Dadebatek egindako argazki batean.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak hiria oso-osorik Bizitegi Merkatu Tentsionatutako Eremu izendatzeko eskaera onartu du gaur Donostiako udalbatzak. 

Eskaeraren nondik norakoak azaltzeko agerraldia egin dute Eneko Goia Donostiako alkateak eta Nekane Arzallus Hirigintza Plangintza eta Etxebizitzako zinegotziak. Alkatearen esanetan, Donostiak guztiz betetzen ditu Etxebizitza Legeak ezarritako irizpidea; hala nola alokairuaren kostua familien batez besteko errentaren % 31,6 da (% 30 gainditzea da legez ezarritakoa). Izan ere, Madrilekin eta Bartzelonarekin batera, Donostia da Espainiako Estatu osoan alokairu garestiena duen udalerria. 

Aurrez Irunek eta Errenteriak (Gipuzkoa), Galdakaok (Bizkaia) eta Nafarroako 21 udalerrik egin zuten bezala, tentsionatutako gune izendatzea ofizialki eskatu du Donostiak. 

Donostiako Udalak hiru dokumentu bidali dizkio Jaurlaritzari, eskaera argudiatzeko: justifikazio-memoria, hiriko etxebizitzaren diagnostikoa eta ezarri beharreko neurrien plan berezia. 

Donostiako Etxegintzak egin du diagnostikoa eta udal talde guztiekin, higiezinen sektorearen profesional eta elkarteekin eta hainbat gizarte-eragilerekin partekatu du. Bertan, berretsi dute hiria Bizitegi Merkatu Tentsionatutako Eremu izendatzeko beharra, izan ere, "udalerrian bizi diren biztanleentzat prezio eskuragarrian etxebizitza nahikoa ez izateko eta familia berriak sortzeko arrisku berezia dago".

Bestalde, Nekane Arzallus Hirigintza Plangintza eta Etxebizitzako zinegotziak azaldu duenez, behin Eusko Jaurlaritzak eskaera onartuta, lehen ondorioa izango da "ohiko etxebizitzarako alokairuaren prezioa arautzea, igoerak ekiditeko".

Ingurumari horretan, adierazi du aldea dagoela jabe txikien (bost etxebizitza baino gutxiagoren jabe) eta jabe handien (bost etxebizitza baino gehiago) artean. Lehen kasuan, "dagoeneko alokairuan dauden etxebizitzetarako egiten diren kontratu berriak azken kontratuaren errentari mugatuak egongo dira, eta bakarrik % 10eko igoera egongo da baimenduta 10 urte baino gehiago duten kontratuetarako edo baldin eta etxebizitzan birgaitzeak, energia eraginkorrean edota irisgarritasunean hobekuntzak egin badira. Aldiz, azkeneko bost urteetan alokatu gabe egon diren etxebizitzetarako egiten diren kontratuetan Erreferentzia Prezioen Indizeak ezarriko du alokairuaren prezioa, betiere etxebizitzaren kokapena eta ezaugarriak kontuan hartuta".

Jabe handien kasuan, Arzallusek honakoa nabarmendu du: "Etxebizitza aurretik alokatu izan ala ez, Erreferentzia Prezioen Indizeak ezarriko du alokairuaren zenbatekoa".

Indarrean dauden kontratuei dagokienez, jabea txikia ala handia izan, maizterrek urtebeteko hiru luzapen eskatu ahal izango dute, baldintza beretan.

Udalaren arabera, Donostian 94.973 etxebizitza daude, eta horietatik % 3,1 (3.017) 311 jabe handien esku daudela, eta jabe horiek gehienbat pertsona fisikoak dira (% 62). 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena