Ekonomia
LANA
Michelinek Frantziako bi lantegi itxiko ditu eta ekoizpenaren zati bat Gasteizera eramango du
Agentziak | EITB Media
Gurpil ekoizleak Frantziako Cholet eta Vannes udalerrietan dituen lantegiak itxiko ditu 2026ra bitartean, Asiako lehia eta Europako lehiakortasunaren "hondatzea" argudiatuta.
-
Michelinek Gasteizen duen lantegia. EITB Mediaren artxiboko bideo batetik ateratako irudia
Michelin gurpil ekoizleak Frantzian dituen lantegietako bi itxiko ditu hemendik eta 2026ra bitartean, Cholet eta Vannes udalerrietakoak, eta azken horretako ekoizpenaren zati bat Gasteizera eramango du. Gaur egun, 1.254 pertsonak lan egiten dute itxiko dituzten bi lantegi horietan.
Frantziako multinazionalak furgoneta eta kamioientzako gurpilen merkatuan dagoen Asiako enpresen lehia eta Europako lehiakortasunaren "hondatzea" aipatu ditu itxieraren arrazoi nagusi gisa.
Pierre Louis Dubourdeau Michelinen ekoizpen zuzendariak gaur goizean prentsaurreko batean azaldu duenez, merkatuaren egungo egoera zein den kontuan hartuta, ekoizteko gehiegizko gaitasuna du konpainiak. Hori dela eta, erabaki du Cholet eta Vannes udalerrietako ekoizpena beste lantegi batzuetara eramatea.
Zehazki, Vannesko ekoizpena Epinalera eta Gasteizera eramango dute. Hortaz, aurrerantzean bertan egingo dituzte kamioientzako metalezko errefortzua duten gurpilak.
Choleteko lantegian, berriz, furgoneta gurpilak egiten dituzte eta ekoizpena Cuneoko (Italia) eta Olsztyneko (Polonia) lantegietara eramango dute.