09:04

Ekonomia

LANGABEZIA

Urrian 501 langabe gehiago zenbatu dituzte EAEn, eta 476 gehiago, Nafarroan

O. A. | EITB Media

Guztira, 108.497 langabe daude Euskal Autonomia Erkidegoan eta 30.088, berriz, Nafarroan. Aitzitik, afiliazioak marka berria ezarri du EAEn eta Nafarroan, eta Gizarte Segurantzan izena emanda daudenak 1.020.760 eta 312.744 dira, hurrenez hurren.

  • Eraikuntzako langileak Bilbon

    Eraikuntzako langileak Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Irailean langabeziaren goranzko joera eten ostean, berriro ere gora egin du Euskal Autonomia Erkidegoan urrian; aitzitik, Nafarroan laugarrenez jarraian igo egin da.

Langabezia tasa % 0,46 igo da (501 langabe gehiago) EAEn irailarekin alderatuta, eta, guztira, 108.497 pertsona daude langabe gisa erregistratuta Lanbiden, gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak eta Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak zabaldutako datuen arabera.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan, berriz, 476 pertsona gehiago zeuden izena emanda urrian (% 1,61), eta, guztira, 30.088 dira lanik gabe daudenak, Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren arabera.

2023ko urriko datuen aldean, 1.148 langabe gutxiago (% 1,05 gutxiago) daude EAEn; Nafarroan, iazko hilabete berean baino 88 langabe gehiago (% 0,29) zenbatu dituzte.

Langabeziaren eboluzioa ezberdina izan da EAEko hiru lurraldeetan. Bizkaian aurreko hilean baino 75 langabe gutxiago daude (% 0,12) eta iaz epe berean baino 374 gutxiago (% 0,61). Araban, azken hilabetean bilakaera negatiboa izan du langabeziak (% 1,93), baina behera egin du azken urtebetean (% 4,50). Gipuzkoan, berriz, 225 langabe gehiago zenbatu dituzte irailetik urrira (% 0,79 gehiago) eta 98 gehiago (% 0,34) iazko urritik aurtengo urrira.

Espainiako Estatuan, % 1,04 egin du gora langabeziak, aurreko hilabetean baino 26.769 pertsona gehiago baitaude lanik gabe. Hala ere, azken urtebetean langabezia % 5,70 jaitsi da, iazko urrian baino 157.350 langabe gutxiago baitaude Espainiako enplegu bulegoetan izena emanda.

Afiliazio datuak

Afiliazioari dagokionez, Gizarte Segurantzako afiliatuen kopurua milioi bat pertsonatik gorakoa da oraindik ere EAEn. Abuztuan, milioiaren lanatik beherakoa zen zifra, eta irailean kopuru hori errekuperatu zen. Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak gaur zabaldutako datuen arabera, 1.020.760 afiliatu daude EAEn, eta azken hilabetean 13.151 lagun afiliatu dira (% 1,31).

Iazko urriarekin alderatuta, 12.092 afiliatu gehiago daude EAEn (% 1,20).

Bestalde, 2.917 afiliatu (% 0,94) irabazi ditu Nafarroako Gizarte Segurantzak, eta iaz hilabete berean baino 4.585 gehiago (% 1,49) dira. Gauzak horrela, guztira, 312.744 pertsona daude Gizarte Segurantzan izena emanda Nafarroan. 

Espainiako Gizarte Segurantzan 134.307 afiliatu gehiago daude (% 0,63) eta, guztira, 21.333.513 pertsona daude Gizarte Segurantzan izena emanda Nafarroan. 

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioak

Euskal Autonomia Erkidegoak inoizko afiliatu kopuru handiena gainditu du urrian, ekainean erdietsitako marka historikoa hautsita (987 gehiago), Alfonso Gurpegui Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordeak azpimarratu duenez.

Sailburuordeak esandakoaren arabera, azken hilabetean izandako "igoera txiki hori ohikoa izatenn da urrian", uda pasata pertsona gehiago hurbiltzen baitira Lanbideren bulegoetara. Edozein kasutan, datua "positiboa" da iazko urriarekin alderatuta, 1.148 langabe gutxiago zenbatu baitira. Halaber, maiatzetik urte arteko langabezia jaitsi den lehen aldia da.

Halaber, urrian 315 emakumek lana aurkitu dute eta 816 gizonek galdu. Dena den, urte arteko datuei erreparatuta, 631 emakume gutxiago daude lanik gabe eta 517 gutxiago.

Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialen kontseilariak azpimarratu duenez, langabezia eta afiliazio datuek erakusten dute lan merkatuak enplegua sortzen jarraitzen duela Nafarroan, eta langabezia "egonkor" mantentzen dela.

Halaber, inoiz baino pertsona gehiago dago Gizarte Segurantzan izena emanda urrian.

Sailburuordearen esanetan, urria langabeziari dagokionez hilabete negatiboa izan ohi da, horrela izan baita 2007tik (2016an eta 2021ean salbu). 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena