Ekonomia
Espainia
Sanchezen Gobernuak banku eta energia sektoreen gaineko zergak mantenduko ditu, batzuen babesa galdu arren
Agentziak | EITB Media
Azken egunotan zergaren aurkako ahotsak ugarituagatik ere, Ekonomia ministroak gogorarazi du zerga iraunkorra bihurtzea Gobernu akordioaren eta Bruselara bidalitako egitasmo fiskalaren konpromisoa dela.
-
Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuak banku eta energia sektoreen gaineko zergak iraunkor bihurtzeko konpromisoari eutsi dio, nahiz eta enpresek gero eta gehiago presionatu eta hori egiteko babes politikoa bermatuta ez izan. Bazkide parlamentario batzuk kontrako norabidean bultzatzen ari dira.
Ezohiko eta aldi baterako zerga horiek iraunkor bihurtzea PSOEk eta Sumarrek sinatutako Gobernu akordioaren eta joan den astean Bruselara bidalitako egitasmo fiskalaren konpromisoa da, Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak gaur gogorarazi duenez.
Azken egunotan neurri horren aurkako kritikak ugaritu dira. Hala, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak inbertsioak erretiratzeko mehatxua egin du, eta Juntsek 2025eko aurrekontuen babesa kolokan jarri du, zerga energetikoa mantentzen bada. Era berean, Imanol Pradales lehendakaria eta EAJ kritiko agertu dira zergarekin.
Yolanda Diaz presidenteorde eta Lan ministroak, aldiz, airean utzi du aurrekontuei eman beharreko babesa, pakete fiskalaren negoziazioan aurrerapausorik ematen ez bada.
Aparteko eta aldi baterako zergak
Bankuen eta energia konpainia handien gaineko zergak aparteko neurri gisa hartu ziren energia-krisiaren ondorioak arintzeko, eta, hasiera batean, bi urterako planteatu ziren, 2022rako eta 2023rako, baina gero urtebetez luzatu zituzten, 2024ra arte.
Aurten, zergarekin 2.859 milioi euro bildu dituzte; horietatik 1.695 milioi bankuei ezarritakoaren bidez eta 1.164 milioi energia konpainiei jarritakoaren bitartez.
PSOEk eta Sumarrek sinatutako inbestidura akordioak aldi baterako tasa horiek zerga iraunkor bihurtzeko konpromisoa jaso zuen, eta hori lege bidez bakarrik egin daiteke.
Prozesu hori, oraingoz, ez da hasi, eta zaila da urtea bukatu baino lehen amaitu ahal izatea —nahiz eta lege-proposamena erabili edo beste lege batean zuzenketa bat egin—; beraz, bertan behera gera ez daitezen, aldi baterako bi figura horiek beste behin luzatzea litzateke aukera, nahiz eta horrek ere Kongresuaren babesa beharko lukeen.