Ekonomia
LAN-ISTRIPUA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Leherketaren ostean, enpresako langileak lankide bat desagertuta zegoela konturatu dira, eta haren gorpua aurkitu dute ondoren.
56 urteko langile bat hil da ostiral honetan Agralco enpresaren araztegian, nekazaritza-hondakinen biltegi batean izandako leherketan, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Biltegia 10:49an lehertu da, eta langilea Ordoiz bidean dagoen enpresaren instalazioetatik atera da, baina erreka ondora erori da jarraian.
Leherketaren ostean, enpresako langileek lankide baten falta sumatu dute, eta haren gorpua aurkitu dute gerora.
Nafarroako suhiltzaileak, bi anbulantzia, foruzainak eta Lizarrako udaltzainak bertaratu dira ezbeharraren tokira.
Ezbeharrean ez da suterik izan, ezta hondakinik isuri ere.
Gizonaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egiteko. Lizarrako Brigada Judizialeko kideek ikerketa abiatu due ezbeharra zerk eragin duen argitzeko.
Ezbeharren gorakadaren aurrean, sindikatuek neurriak hartzeko eskatu dute
Ezbehar kopuruaren gorakadaren aurrean, sindikatuek lan-istripua salatu, eta neurriak hartzeko eskatu dute. Ildo horretan, CCOOk azpimarratu du aurten Nafarroan izandako lan-istripuetan gutxienez 18 pertsona hil direla. Horren esanetan, hamaika egunetan hiru behargin hil dira Foru Erkidegoan.
CCOOk ohartarazi du Nafarroak azken urteetan ezbeharren datuetan bilakaera "oso txarra" izan duela, eta prebentzio-araudia zorrotz betetzeko eskatu die Foru Erkidegoko patronalei.
Nafarroako UGTk "biziki" deitoratu du langilearen heriotza, eta istripuen kopurua "maila kezkagarrietara eta onartezinetara" iristen ari dela esan du.
Sindikatuak berretsi du baliabide gehiago bideratu behar direla Lan Ikuskaritzara, prebentzio-arloko arauak betetzen direla kontrolatzeko.
Istripuen "triskantza" horren aurrean, ELAk Nafarroako Aurrekontuak negoziatzen ari diren alderdi politikoei eskatu die uko egin diezaiotela Prebentziorako lurralde ordezkariaren figura finantzatzeari eta zenbateko ekonomiko nahikoak bidera ditzatela lantokietako segurtasun baldintzak kontrolatzeko premiazko neurriak ezartzeko, Lan Ikuskaritzako plantilla hirukoiztuz.
Sindikatu abertzaleak elkarretaratzea deitu du datorren astearterako, egoera salatzeko, Nafarroak baititu Estatuko "ezbehar-tasarik txarrenak", eta heriotza horietako gehienak "oinarrizko segurtasun-neurriekin ekidin zitezkeela" salatu du. Horren atzean, "patronalaren inpunitatea eta erakundeen konplizitatea daude", erantsi duenez.
LAB sindikatuaren arabera, Nafarroa "Espainiako Estatuaren buruan dago lan-istripuei dagokienez", eta Foru Gobernuak "Lan Ikuskaritzaren eskumenak lehenbailehen bere gain hartzeko eta enpresaburuen gaineko kontrola eraginkorra izan dadin beharrezkoak diren baliabideak bideratzeko" eskatu du.
Sindikatu abertzaleak azpimarratu du Lan Ikuskaritzak 10 ikuskatzaile baino ez dituela Nafarroa osorako, eta Foru Erkidegoan iaz 26.000 lan-istripu gertatu zirela gaineratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa