06:00

Ekonomia

Artzaintza

Artilea, diru-iturri izatetik gastua izatera pasatu den lehengaia

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Gipuzkoan artilea biltzen ari dira egunotan. Artzainentzat buruhauste bilakatu da garai batean diru ugari ematen zien produktua, inork ez duelako nahi. Animalietatik eratorritako hondakin gisa, gainera, ezin da edonora bota eta kudeaketa kostua da askorentzat.

  • Artilearen bilakaera azken urteetan. Argazkia: EITB media.

    Artilearen bilakaera azken urteetan. Argazkia: EITB media.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Artilea buruhauste handi bihurtu da artzain askorentzat. Gipuzkoan egunotan artilea biltzen ari da Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioa; izan ere, gaur egun hondakin bat da, baina ezin da edonora bota.

Bilketa bailaraz bailara egiten ari dira. Hala nahi duten artzainek agentziak ezarritako puntura eraman dezakete ukuiluetan pilatutako artilea, baina, hori bai, ardi kopuruaren araberako tarifa bat ordaindu behar dute aurretik, hondakin hori kudeatzeko gastuei aurre egiteko.

Gipuzkoako Goierriko bilketa Idiazabalen egin dute. Argazkia: EITB Media.

Gipuzkoako Goierriko bilketa Idiazabalen egin dute. Argazkia: EITB Media.

XX mendearen amaiera aldera arte, artilea diru-iturri zen baserri askotan. Denok ezagutzen ditugun galtzerdi tradizionalez eta jertseak egiteaz gainera, artilea atzerrira esportatzen zen moketak eta alfonbrak egiteko, eta baserri askotan diru-sarrera polita izaten zuten. Zuntz berriak agertu ahala, ordea, material natural honen eskaera gutxitzen joan zen, eta XXI. mendearen hasieratik ia inork ez du nahi.

Hego Euskal Herrian, ordea, gaur egun oraindik ere 1.250 tona artile inguru sortzen da urtero. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako aldundi eta gobernuen datuen arabera, 2023an guztira 500.000 ardi inguru zeuden lau lurraldeetan, eta ardi bakoitzak urtean, batez beste, 2,5 kilo artile ematen ditu.

Nola kudeatu?

Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak animalietatik datozen eta giza kontsumorako erabiliko ez diren produktuen inguruko arauak argitaratu zituzten 2009an eta 2011an, eta SANDACH araudian jaso zituzten. Araudi horren arabera, artilea, animalietatik eratorritako beste azpiproduktu batzuk bezala, hondakin gisa tratatu behar da, gizakion segurtasuna bermatzeko. Ondorioz, ezin da edonora bota, eta modu egokian desagerrarazi behar da. Prozesu horrek gastuak sortzen ditu.

Gipuzkoan bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak artilearen bilketa eta garraioa antolatzen dute, landa garapenerako agentzien edo mankomunitateen bidez. Horrez gainera, gastuei aurre egiten laguntzen diete artzainei, kostu guztiak edo zati bat ordainduz.

Arabako kasuan, aldiz, artzain bakoitzaren esku dago artilea kudeatzeko ardura.

Bizkaian, uztailean egin zen 2024ko bilketa, eta 80 tona inguru jaso zituzten. Kasu honetan, artzainek ez dute tarifarik ordaintzen, hondakinaren tratamentuaren kostua Bizkaimendi landa garapenerako agentzien elkartearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean egiten baita.

Nafarroan, tonako 67 euroko kostua dauka artilea zabortegian uzteak, baina 15 euroko kostua zeukan zerga aldi baterako kentzea erabaki du Gobernuak. Kasu honetan ere, bailaraz bailara egiten dute bilketa, eta mankomunitateak arduratzen dira kudeaketaz.

Gipuzkoan, aurten, 125 eta 135 tona artean (lurraldean sortzen den artilearen % 40) jasotzea espero du Landaola elkarteko ordezkari eta Goimen agentziako gerentea den Manex Aranburuk.

Bilketa hauetan parte hartu ordez, artilea etxean kudeatu nahi duten ardi-jabeek bi aukera izaten dituzte nagusiki: simaurrarekin batera nahastuta konpostatu edo "ohe-beroa" deituriko sistema duten ganadutegietako zoruan botatzeko erabili.

2023ra arte, Artaxoako zaborren plantan kudeatzen zen Hego Euskal Herriko artilearen zati handi bat. Konposta egiten zuten bertan erakundeek eramaten zuten artilea eta artzainek euren kabuz eramaten zutena erabilita. Aurten, ordea, zerbitzu hori desagertu egin da Artaxoako planta itxi egin baitu Nafarroako Gobernuak, eta erakunde guztiak irtenbide baten bila ari dira.

Erabilera posibleak

Alabaina, etorkizunerako erronka artileari balioa itzultzea da, Landaolako ordezkariaren hitzetan. Aranbururen arabera, ardi latxaren artileak hainbat ezaugarri on ditu; sua hartzea asko kostatzen zaio, adibidez. Hori dela eta, merkatuko sektore ugaritan erabili ahal izango litzateke. Adibide bat jartzearren, oihalgintzan berokietako isolatzaile bezala erabiltzen du Ternua etxeak. Horrez gain, hainbat ikerketa egin dira kosmetikagintzan erabiltzeko, produktu ugaritan egokiak izan daitezkeen keratina eta lanolina baititu. Automozioan, eraikuntzan eta nekazaritzan ere erabil daiteke.

Hori bai, hori guztia egiteko, artilea prozesatuko duten enpresak beharko dira. Garbitu, orraztu, zuntza txukundu edota hauts bihurtuko duten prozesuak Euskal Herrian bertan egotea litzateke interesgarriena, Aranbururen iritzian.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena