Itxi

Ekonomia

Ameriketako Estatu Batuak

Google konpainiak energia nuklearraren aldeko apustua egin du bere datu zentroak argindarrez hornitzeko

Agentziak | EITB Media

Konpainiak erreaktore modular txikien (SMR) energia erosiko dio Kairos Power enpresari. Lehen erreaktorea 2030ean egongo da martxan, eta gehiago izango dira 2035ean. Erraldoi teknologikoak dionez, horrela deskarbonizazio energetikoa bultzatuko du.

  • Harrisongo zentrala, Tennessen (AEB). Argazkia: kellymlacy / Pexels

    Harrisongo zentrala, Tennessen (AEB). Argazkia: kellymlacy / Pexels

Google konpainiak iragarri du munduko lehen akordio korporatiboa sinatu duela Kairos Power enpresarekin, energia nuklearra ¡hainbat erreaktore modular txikitan (SMR, ingelesezko sigletan) erosteko, erraldoi teknologikoko blog korporatiboak jakinarazi duenez.

Akordioaren arabera, Kairos Powerren lehen erreaktorea 2030ean egongo da martxan, eta SMR gehiago prest egongo dira 2035ean. Oraingoz, ez du akordioaren kostuari buruzko xehetasunik eman, ezta zentral berrien kokapenari buruzko zehaztasunik ere.

Energia gastua biderkatuko da

Ohar batean, Google konpainiak nabarmendu du elektrizitate iturri berriak behar direla Adimen Artifizialaren garapena bultzatzeko, eta akordio horrek garapen teknologikoa bizkortzen lagunduko duela, deskarbonizazio energetikoa bultzatzearekin batera.

Ikerketa berriek datu zentroetako energia kontsumoaz ohartarazi dute, eta azaldu dute gero eta adimen artifizial gehiago erabiltzeak argindar gastua biderkatuko duela.

Uda honetan, The Wall Street Journal egunkariak AEBko energia nuklearreko zentralen herena enpresa teknologikoekin hartu-emanetan zegoela jakinarazi zuen, adimen artifiziala areagotzearen eskaerei erantzuteko beharrezkoak diren datu-zentro berriak argindarrez hornitzeko.

Erraldoi teknologikoak Kairos Powerrekin itxitako akordioak joera hori indartu du. Google konpainiaren hitzetan, energia nuklearrak berriztagarrien erabilera osatzen du, hala nola eguzki-energia eta energia eolikoa. Ekoizpen mota guztietan karbonorik gabeko energia lortzeko behin betiko urratsa izan behar dela argudiatu du enpresak.

Iaz, AEBko Batzorde Nuklearrak (NRC) baimena eman zion Kairos Powerri Tennessen erreaktore mota berri bat eraikitzeko.