Itxi

Ekonomia

ETXEBIZITZA

Etxebizitza hutsen gaineko kanona aplikatzeko eskatuko die Itxasok eremu tentsionatuetako udalei

Agentziak | EITB Media

Justifikatu gabe bi urtez hutsik dauden etxebizitzak zergapetzea aurreikusten du 2015eko EAEko Etxebizitza Legeak, metro koadroko 10 euro urtean, hain zuzen ere.

  • Denis Itxaso Etxebizitza sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan

    Denis Itxaso Etxebizitza sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. EITB Media

Euskal Autonomia Erkidegoan eremu tentsionatu izendatzen dituzten udalerrietako udalei eskaera egingo die Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, besteak beste, etxebizitza hutsen gaineko kanona aplika dezaten.

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin du iragarpena sailburuak, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko estrategiaren inguruan Adrian Fernandez legebiltzarkide sozialistak egindako galderari erantzunez. 

2015eko EAEko Etxebizitza Legeak eta ondoren 2021ean onartutako dekretu batek bi urtez hutsik dauden etxebizitzak zergapetzeko aukera aurreikusten du. Horren arabera, justifikaziorik gabe bi urtetik gora hutsik dauden etxebizitzen jabeek metro koadroko 10 euro ordaindu beharko dituzte urtean.

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitzaren Behatokiak emandako azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 43.000 etxebizitza huts daude, 2021ean baino 3.700 gutxiago.

43.000 etxebizitza horietatik 25.000k ez dituzte kanonetik salbuesteko legeak aurreikusitako baldintzak betetzen, alokagai edo salgai egotea esaterako. Zehazki, 16.000 etxebizitza huts mobiliza daitezke Bizkaian, 5.000 Gipuzkoan, eta 4.000 Araban.

Itxasoren esanetan, hutsik dauden 9.000 etxebizitza ingururi aplikatu ahal zaie kanona, hain zuzen ere, justifikatutako arrazoirik gabe bi urte baino gehiago hutsik egon direlako.