Ekonomia
Mahai sektoriala
EITB Media
ELAk Osasun Sailari eskatu dio Osakidetzako biltegien "pribatizazioa" gelditzeko eta kontsolidaziorako lan eskaintza bat martxan jartzea, behin-behinekotasun tasa % 8ra jaisteko "kategoria guztietan".
Osakidetzaren lan eskaintza publiko bat. Artxiboko argazkia: EFE
Osakidetzak gaur aurkeztu die osasun zerbitzuan ordezkaritza duten sindikatuei lan eskaintza publiko eredu berri baterako proposamena, "plantilla egonkortzeko beharrei erantzuna emango dien eredu arinago bat".
Proposamena gaur goizean Gasteizko Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan egindako Mahai Sektorialera bidali da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar bidez jakitera eman duenez.
Era berean, Osakidetzak betetzeko zailak diren lanpostuak betetzeko kontratazio-programa bat aurkeztu du bileran. Programa horren helburua zera da: " Betetzea hamaika arrazoi direla eta hutsik geratzen diren eta hain erakargarriak ez diren osasun-zentroetako eta EAGetako lanpostuak"
Duela egun batzuk, Eusko Legebiltzarrean Alberto Martinez Osasun sailburuak azaldu zuen bezala, Sailak legealdi honetarako duen lehentasun handienetako bat honako hau da: "fidelizazioa eta iraunkortasuna sustatzeko neurriak barne hartuko dituzten kontratazioak egitea betetzeko zailak diren lanpostu espezifikoetan". Zentzu horretan, Osakidetzak sustapen-neurri "zehatzak" dituen kontratazio-programa bat proposatu du, "estaldura errazteko eta zerbitzua ematen dela ziurtatzeko".
Horrez gain, Osakidetzak betetzeko zailak diren lanpostuen EPE berezi bat egitea planteatu du. Halaber, gaurko Mahai Sektorialean Osakidetzak EPE eredu berri bat sortzeko proposamena aipatu du, hain zuzen ere, Osakidetzaren hautaketa- eta hornikuntza-prozesuak "arintzea ahalbidetuko duen eredua, eta plantilla egonkortzeko eta berritzeko beharrei erantzungo diena".
Azkenik, Osakidetzak hemendik urte amaierara bitartean martxan dauden hainbat proiektutako ekintzen kronograma aurkeztu du.
Bestalde, ELA sindikatuak Osasun Sailari eskatu dio Osakidetzako biltegien "pribatizazioa" gelditzeko eta kontsolidaziorako EPE bat martxan jartzea, behin-behinekotasun tasa % 8ra jaisteko "kategoria guztietan".
Ohar batean azaldu duenez, sindikatuak "Osakidetzako biltegiak pribatizatzeko proiektua geldiarazteko" eskatu du Mahai Sektorialean, Arabako langileek elkarretaratze batean eskakizun bera egiten zuten bitartean.
Biltegietako langileen elkarretaratzea. Irudia: ELA
ELAk ohartarazi duenez, Osasun Sailak "269 milioi euro bideratu zituen 2023an zerbitzuak azpikontratatzeko eta pribatizatzeko, aurreko urtean baino % 9 gehiago", eta azken hilabeteetan "aurrerapausoa eman du politika horretan, eta 129 milioi euroko esleipena planteatu du" plataforma logistikorako.
Sindikatuak "aspaldi" ekin zion "pribatizazio horren aurrean bide juridizialari", eta ohartarazi du "eredu aldaketak lanpostuak suntsitzea eta Osakidetza ahultzea" ekarriko duela.
"Urteetan zehar kontratuak kateatzen dituzten" aldi baterako 24.000 langileak egonkortzea ahalbidetuko duen ezohiko lan eskaintza publikoa deitzea eskatu du sindikatu abertzaleak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa