13:04

Ekonomia

OSAKIDETZA

Pribatizazioari aurre egiteko eta langileak babesteko neurriak osasun itunean txertatzea eskatu du LABek

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Eusko Jaurlaritzak egindako lehen zirriborroak "hutsuneak" dituela uste du sindikatu abertzaleak, eta hainbat ekarpen aurkeztu ditu: tartean, pribatizazioari aurre egiteko, hizkuntza eskubideak babesteko edota langileen egonkortasuna bermatzeko neurriak exijitu ditu LABek.

  • Ugartemendia eta Gondra, gaur, Bilbon.

    Ugartemendia eta Gondra, gaur, Bilbon. Argazkia: LAB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osakidetzaren "eraldaketa sakona" nahi du LABek eta horren alde "borroka egiteko" baliatuko du irailaren hasieran eratu zen osasun itunaren mahaia. Eusko Jaurlaritzak lehen bileran eragileekin partekatutako diagnostikoak "hutsune nabarmenak" dituela uste du sindikatuak, eta hainbat ekarpen aurkeztu ditu, helburuei zein metodologiari lotutakoak. "Besteak beste, pribatizazioari aurre egiteko, lehen arretaren kalitatea bermatzeko, hizkuntza eskubideak babesteko edota herritarren araberako pertsonal politikak egiteko egiturazko neurriak behar dira", azpimarratu du LABek.

Osasun arloko ituna adosteko bigarren bilera egingo dute asteazkenean, urriak 9, Eusko Jaurlaritzak eta mahai horretara deituak izan diren eragileek. Hitzorduaren atarian, agerraldia egin dute, goizean Bilbon, Jessica Gondra Osakidetzako sail sindikaleko LABeko kideak eta Xabier Ugartemendia LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradunak. Osasun mahaia martxan jarri izana "langileen borrokaren fruitua" dela esan ondoren, Gondrak nabarmendu du "borrokarako" baliatuko duela LABek espazio hori. "Langile kopurua ez da nahikoa, ez da egonkorra, eta hainbat eremutan lan egitea ez da batere erakargarria. Horrek, lehen arreta, sistemaren oinarria dena, kolapso egoerara eraman du", erantsi du.

Ildo beretik mintzatu da Ugartemendia ere. Esan duenez, LABek aurkeztutako ekarpen guztiek "osasun sistema publiko indartsu bat lortzea" dute helburu. Hasteko,  itunaren izena bera aldatzea proposatu du, eta "osasun ituna" deitu beharrean, "osasun zerbitzu publiko indartsu baten aldeko ituna" deitzea, "publikoa izan behar dela" argi uzteko.

Horrekin lotuta, akordiora helburu hauek gehitzea eskatu du LABek: "osasun sistema unibertsala izatea, kalitatea hobetzea, publikoa indartzea, publifikazioa bultzatzea, herritarren partaidetza bermatzea, osasunaren promozioa eta prebentzioa egitea, zerbitzua euskalduntzea eta langileen lan baldintzak hobetzea".

Mahai gainean jarri den lan-metodologia ere ez du egoki ikusten sindikatuak, uste baitu "langileen partaidetza" ezinbestekoa dela gaia jorratzeko. "Erabakiak langileen partaidetzarekin hartu behar dira, eremuko gehiengoak errespetatuz. Horretarako, sindikatuen blokeari dagokionez, mahai horretan hartu beharreko erabakiak mahai sektorialean lantzea eta bertako gehiengoen arabera izatea planteatu dugu".

Helburuon alde borrokan eta mobilizatzen jarraitzeko asmoa agertu du LABek. Hala, osasun mahaiaren bigarren bilera deituta dagoen egunerako Osasungintza Publikoaren Aldeko Plataformak Donostian deitutako mobilizazioarekin bat egingo dute, besteak beste.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena