Ekonomia
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Laneko bajak malgutzeko proposamena "interesgarria" dela dio Torresek, segurtasun juridikoarekin eginez gero
O. A. | EITB Media
Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azaldu duenez, erretiro malguaren parekoa izan daiteke, baina ongi aztertu beharrekoa da Estatu mailako Elkarrizketa Mahaian.
-
Mikel Torres Radio Euskadin
Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren iritziz, laneko baja malgutzeko proposamena aukera "interesgarria" izan daiteke, betiere "segurtasun juridikoarekin" egiten bada.
Atzo, Elma Saiz Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak azaldu zuenez, asmoa du lanerako aldi baterako ezgaitasuna —laneko baja gisa ezagutzen dena— erregulatzen duen araudia aldatzeko, kasu edo egoera konkretu batzuetan malguagoak izan daitezen, eta zenbait lanetara itzultzeko aukera emateko.
Lanerako aldi baterako ezgaitasunaren araudia aldatzeko aukeraz galdetuta, ongi aztertu beharreko aukera "interesgarria" eta "berritzailea" dela esan du, eta erretiro malguarekin parekatu du.
Torresen iritziz, Estatu mailako Elkarrizketa Mahaian aztertu beharreko proposamena da. Edozein kasutan, segurtasun juridikoaren garrantzia azpimarratu du, langile batek bajan egoteko eskubidea izan dezan mediku baten onespenarekin. Aldi berean, ontzat eman du ordu batzuk lan egiteko beren lanpostura itzuli nahi duten langileek horretarako aukera izatea, betiere, langilearen segurtasun juridikoa bermatuta baldin badago.
Amaitzeko, garrantzitsuena langilearen segurtasuna bermatzea eta horren eskubideei kalterik ez egitea dela nabarmendu du Torresek.