Ekonomia
ABIADURA HANDIKO TRENA
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuak 146 milioi euroko inbertsioa onartu du Arkautiko lotunea egiteko. Jaurlaritzak aurreratuko du dirua, eta ondoren kobratuko dio Estatuari. Horrez gain, Adifek beste 34,7 milioi euroko lanak hartuko ditu bere gain gune horretan.
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Arkautiko lotunea eraikitzeko lanak Eusko Jaurlaritzaren esku uztea onartu du gaur Espainiako Ministroen Kontseiluak, aurrez Euskal Y-aren beste tarte batzuekin egin bezala. Gauzak horrela, Gasteizko Gobernuak azpiegitura eraikitzeko dirua aurreratuko du eta, gero, Kupotik deskontatuko du. Espainiako Gobernuak 146 milioi euroko inbertsioa onartu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lotuko dituen Arkautiko lotunea egiteko.
Horrez gain, Adif AVk 34,7 milioi euroko kostua izango duten lanak orainduko ditu, gune horretan bertan. Batez ere, elektrifikazioari edota segurtasun eta komunikazio azpiegiturei dagozkien lanak izango dira.
Pilar Alegria Espainiako Gobernuaren bozeramaileak Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, Euskal Y-aren azken obra handia izango da, Estatuko abiadura handiko trena Euskal Autonomia Erkidegoko sarearekin lotzea ahalbidetuko duena. "Euskal Y-azpiegiturarentzat gune giltzarria da", esan du.
Halaber, Arkautiko lotuneak (Gasteiz) balio izango du AHTa Estatuko gainerako sarearekin, Iruñearekin eta Iparraldearekin lotzeko.
Aurreikuspenak betetzen badira, lehen trenak 2027. urtearen amaieran edo 2028 hasieran ibiliko dira.
Arkautiko lotunea eraikitzeko lanak Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu ahal izateko hitzarmena sinatuko du Espainiako Gobernuarekin. Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, akordioa azaroan sinatzea espero dute.
Gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, bi gobernuen arteko akordioak lanak bizkortzea ahalbidetuko du. Horren esanetan, "pauso positiboa" da, baina prozesua "luzea" izango dela ohartarazi du, proiektua idatzi, obrak lizitatu eta behingoz egin behar baitira.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa