09:45

Ekonomia

Inflazioa

KPIa % 2,6 eta % 2,2raino apaldu da EAEn eta Nafarroan, abuztuan

O. A. | EITB Media

Espainiako Estatuan urtebeteko inflazioa % 2,3an kokatu da, iazko uztailetik izandako tasarik txikiena. Halaber, elikagaiak % 2,5 garestitu dira batez beste urtebetean, ia hiru urtean izan den igoerarik txikiena.

  • Erosketa orga, supermerkatu batean

    Erosketa orga, supermerkatu batean. Egile eskubiderik gabeko irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) urtebeteko tasa % 2,6raino jaitsi da abuztuan Euskal Autonomia Erkidegoan, eta % 2,2raino Nafarroan, erregaien eta elikagaien prezioen beherakadak eraginda. Halaber, elikagaiak % 2,5 garestitu dira batez beste urtebetean Espainian, 2021eko urritik izan den igoerarik txikiena.

Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako behin betiko datuen arabera, urtebeteko tasak hiru hamarren egin du behera EAEn —% 2,9tik % 2,6ra— eta lau hamarren —% 2,6tik % 2,2ra— Nafarroan.

Uztailetik abuztura, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) bi hamarren igo da EAEn, eta hamarren bat jaitsi, berriz, Nafarroan.

Urtea hasi zenetik, prezioak % 2,9 garestitu dira EAEn, eta % 2,2 Nafarroan.

Bizkaiak izan du urtebeteko inflaziorik handiena abuztuan (% 2,9), Gipuzkoaren (% 2,6) eta Arabaren (% 1,9) aurretik. Uztailetik abuztura, prezioak % 0,2 garestitu dira Bizkaian eta Gipuzkoan, eta mantendu egin dira Araban.

Espainiako Estatuan ere apaldu egin da indizea, bost hamarren behera eginda. Urtebeteko tasa 2023ko uztailetik izandako txikiena da, orduan ere % 2,3koa baitzen. Halaber, EAEko KPIa Estatuko altuena izan da, batezbestekoa baino hiru hamarren gainetik.

Elikagaien prezioen igoera nabarmen apaldu da EAEn, azken hilabeteetan. Elikagaiak eta edariak % 3,6 garestitu dira batez beste urtebetean EAEn, eta 2022ko otsailetik izandako igoera txikiena da. Halaber, Nafarroan elikagaiak iaz hilabete berean baino % 3 garestiagoak dira. Espainiako Estatuan, elikagaiak batez beste % 2,5 garestitu dira urtebetean, ia hiru urtean izan den igoerarik txikiena.

Azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) hamarren bat jaitsi da abuztuan, % 2,7raino. 2022ko urtarriletik izandako tasarik txikiena da.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena