Ekonomia
Multinazionala
Iberdrolak Erresuma Batuko Electricity North West erosi du 5.000 milioi euroren truke
Agentziak | EITB Media
Erosketa honekin, Erresuma Batua bilakatzen da Iberdrolarentzat sare-aktiboen lehen herrialdea, 14.000 milioi euro ingururekin, eta, ondoren, AEB, 13.300 milioi euro. Erresuma Batuko sare elektrikoen bigarren operadore ere bihurtzen da.
-
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea. Argazkia: EFE
Iberdrolak Electricity North West (ENW) banatzaile elektrikoa erosi du 5.000 milioi euroren truke, konpainiak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Konpainiaren arabera, gaur ENWren % 88 erosi du, 2.100 milioi liberako funts propioen balioarekin. Konpainiaren balio osoa, zorra barne, 5.000 milioi eurokoa da.
Operazio honekin, Erresuma Batua bilakatu da Iberdrolarentzat sare aktiboen lehen herrialdea, 14.000 milioi euro inguruko sare-aktiboen oinarria baitu bertan, eta ondoren Ameriketako Estatu Batuak, 13.300 milioi eurorekin. Erresuma Batuko sare elektrikoen bigarren operadore ere bihurtu da.
Iberdrolaren hitzetan, erosketa hori kreditu-kalifikazio sendoa duten herrialdeetan sareen negozioa bultzatzeko estrategiaren barruan kokatzen da. Izan ere, Scottish Power erosi zuenetik, herrialde hori izan da Iberdrolaren helburuetako bat, 36.000 milioi euro inguruko inbertsioarekin.
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak azaldu duenez, ENW erosita, Iberdrolak Erresuma Batuan sareetan dituen aktibo arautuak 14.000 milioi eurokoak dira, eta hori, AEBn dituenekin batera, konpainiako sare-aktibo guztien bi heren da.
ENWk ia bost milioi bezerori banatzen die argindarra Ingalaterrako ipar-mendebaldean, Manchester, Lancaster eta Barrow hirietan besteak beste, eta 60.000 kilometro sare ditu elektrizitatea banatzeko. ENW erosita, Iberdrola argindarra garraiatzeko eta banatzeko bigarren konpainia bihurtu da Erresuma Batuan.
Iberdrolak 12 milioi pertsonari banatuko die elektrizitatea, 170.000 kilometro sare baino gehiago izango ditu eta 8.500 pertsonari emango die lana Erresuma Batuan.
Gainera, Iberdrolak akziodunen akordio bat sinatu du ENWren kapitalaren gainerako % 12aren jabe den eta Kansai buru duen inbertitzaile japoniarren partzuergo batekin, epe luzean elkarrekin lankidetzan aritzeko.