Ekonomia
Langabezia
O. A. | EITB Media
Afiliazioari dagokionez, uztailean aurreko hilabetean baino 7.135 afiliatu gutxiago izan dira Gizarte Segurantzan izena emanda EAEn eta 1.093 gutxiago Nafarroan. Hala ere, iazko uztailean baino 13.904 afiliatu gehiago daude EAEn eta 4.076 gehiago Nafarroan.
Langile bat kalean lanean. Artxiboko argazkia: EFE
Uztailean langabeziaren bilakaera negatiboa izan da bai Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta baita Nafarroan ere. Zehazki, langabezia tasak % 1,60 (+1.698) egin du gora EAEn, eta % 1,13 (+329) Nafarroan, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak eta Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak ostiral honetan argitaratutako datuen arabera.
Lanbide EAEko enplegu zerbitzu publikoan 108.065 lagun daude langabe gisa erregistratuta, eta Nafarroan, ostera, 29.341 dira lanik gabe daudenak.
Urte arteko datuei erreparatuta ere, langabeziak gora egin du. 2022ko uztaileko datuen aldean, 1.890 langabe gehiago (% 1,78 gehiago) daude EAEn; Nafarroan, berriz, iaz hilabete berean baino 190 langabe gehiago (% 0,65) zenbatu dituzte.
EAEn, hiru lurraldeetan egin du gora langabeen kopuruak aurreko hileko datuekin alderatuta: 341 langabe gehiago (% 1,9) daude Araban, 1.011 gehiago (% 1,68) Bizkaian, eta 346 gehiago (% 1,23) Gipuzkoan. Iazko uztaileko datuekin alderatuta, berriz, behera egin du langabeen kopuruak, 219 langabe gutxiago (% 1,19) izan baitira. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, gora egin du langabeen kopuruak urtebetean, Bizkaian 1.358 gehiago (% 2,27) eta Gipuzkoan 751 gehiago (% 2,7) baitaude.
Espainiako Estatuan, % 0,42 egin du behera langabeziak, aurreko hilabetean baino 10.830 pertsona gutxiago baitaude lanik gabe. 2.550.237 langabe daude, eta urtebetean % 4,77 egin du behera (127.637 langabe gutxiago).
Afiliazio eta kontratazio datuak
Afiliazioari dagokionez, uztailean aurreko hilabetean baino 7.135 afiliatu gutxiago (% 0,70) zeuden Gizarte Segurantzan izena emanda EAEn, Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak gaur zabaldutako datuen arabera. Guztira, 1.012.638 kotizatzaile daude EAEn. Hala ere, urtebetean, 13.904 afiliatu (% 1,39) irabazi ditu.
Nafarroan, 1.093 afiliatu galdu ditu Gizarte Segurantzak, ekainean baino % 0,35 gutxiago zenbatu baitituzte uztailean, eta 310.252 dira kotizatzen ari direnak. 2023ko uztaileko datuekin alderatuta, 4.076 afiliatu gehiago daude, hau da, % 1,33 gehiago.
Kontratazioari dagokionez, ekainean 67.690 kontratu berri sinatu dituzte, horietatik 14.239 (% 21,04) mugagabeak.
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa
Alfonso Gurpegui Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordearen arabera, uztailean langabeziak gora egitea "ez da aparteko zerbait, badakigu uda ez dela Euskadin enplegurako garairik onena". Hezkuntza alorreko kontratuak eten izanari egotzi dio, neurri handi batean, langabeziaren igoera.
Dena den, Gizarte Segurantzako afiliatuen kopurua oraindik milioi bat pertsonatik gorakoa dela azpimarratu du Gurpeguik, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak zabaldutako ohar batean.
Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialen kontseilariak azpimarratu duenez, "lau hilabetez jarraian langabezia murriztu eta afiliazioa handitu ondoren, Nafarroako lan merkatuaren hazkundea mantendu edo moteldu egin da uztailean, langabezia handitu eta Gizarte Segurantzako afiliazioa murriztu egin delako".
Hala ere, afiliatuen kopurua zifra historikoetan dagoela nabarmendu du, eta ekonomiaren bilakaera "egonkorra eta positiboa" izan dela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa