Ekonomia
kaleratzeak
EITB MEDIE
Europak arrazoia eman dio, hortaz, UGTri, eta bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina ez dela disuasiozkoa eta ez duela langilea babesten ondorioztatu du. Espainiako Exekutiboarentzat irizpena loteslea ez bada ere, ate garrantzitsua irekitzen du epaileek norabide horretan erabakiak har ditzaten.
Langile bat Bilbon. EFEren artxiboko irudi bat
Eskubide Sozialen Europako Batzordeak Espainiaren aurkako epaia eman du, bidegabeko kaleratzeen kalte-ordainei buruzko Espainiako araudia Europako Gutun Sozialaren 24. artikulua urratzen duela. UGT sindikatuak 2022ko martxoan jarritako kexa bati erantzuten dio ebazpen honek. Aldeko 13 botorekin eta kontrako batekin Europako kontsulta-erakundeak zehaztu du bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina "ez dela egokia biktimak jasandako kaleterako".
Nahiz eta irizpena ez den loteslea Espainiako Exekutiboarentzat, ez baitago behartuta legea aldatzera ebazpenak dioen zentzuan, ate garrantzitsu bat irekitzen du epaileek norabide horretan erabakiak har ditzaten aurrerantzean.
Nolanahi ere, iragan astean Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan ministroak iragarri zuen sindikatuak eta enpresaburuak deituko dituela Espainian bidegabeko kaleratzeen kalte-ordainean aldaketak hitzartzeko.
Erakundearen epai osoaren berri izan ondotik, UGTk Espainiako Gobernuari, sindikatuei eta patronalari eskatu die ebazpen hori Espainiako legeriara egokitzea aztertzeko, aurrera begira bete ahal izateko.
UGTk aurkeztu zuen kexa, eta Europako Gutun Sozialaren 24 b artikulua, kaleratzeagatiko kalte-ordainari buruzkoa, urratzea leporatzen zion Espainiako Gobernuari. Artikulu horrek honako hau ezartzen du: "Lan-harremana amaitzen zaien langileen eskubidea dela, baliozko arrazoirik gabe, konpentsazio egokia edo beste konponketa egoki bat jasotzea".
Sindikatuaren arabera, Espainiako legeak "ez die eskubiderik ematen arrazoirik gabe kaleratzen dituzten biktimei kalte-ordain egokia lortzeko".
Espainiako egungo araudia
Espainian, bidegabeko kaleratzeen kasuan, kalte-ordainaren gehieneko muga ezin da 33 eguneko soldata baino handiagoa izan zerbitzu-urte bakoitzeko, 24 hileko gehieneko mugarekin. Arrazoi objektiboek eragindako kaleratzeen eta arrazoi ekonomiko, antolamenduzko, tekniko edo produktiboek eragindako kaleratze kolektiboen kasuan, gehieneko muga ezin da lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko soldata baino handiagoa izan, 12 hileko gehieneko mugarekin.
Espainiako Gobernuak bere legeria defendatzen du esanez ordainsarien gehieneko mugak ezartzearen helburuetako bat dela lan-kontratuaren bi aldeei segurtasun juridiko handiagoa ematea. Europako erakundeak, ordea, dio "ezin dela baztertu aurrez zehaztutako kalte-ordaina pizgarri bat izatea enplegatzaileak langileak bidegabe kaleratzeko".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa