20:48

Ekonomia

OSAKIDETZA

"Ezohiko neurriak" hartuko ditu Osakidetzak udako pertsonal faltari aurre egiteko

EITB MEDIA

Besteak beste, aparteko orduengatik gehiago ordainduko diete profesionalei. Euskadiko Medikuen Sindikatuaren ustez, "jarrera aldaketa" egon da Osasun Zerbitzuaren Zuzendaritzan.

  • Osakidetzako zentro bateko udako ordutegi baten kartela

    Osakidetzako zentro bateko udako ordutegi baten kartela.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Uda sasoia bereziki konplikatua izaten da osasun-zerbitzuan. Mediku falta dago hainbat arlotan, bereziki Lehen Arretan, eta udako oporrekin egoera zaildu egiten da hainbat osasun zentrotan.

Errealitate horri aurre egin nahian, Euskadiko Osasun Zerbitzuaren zuzendaritza berriak jarraibide bat onartu du "ezohiko neurriak" ezartzeko, udan "asistentzia-eskaerari erantzun ahal izateko" eta "Lehen Mailako Arretako zentroak, Etengabeko Arretako Guneak (EAG), Larrialdiak eta ospitale-arretako zerbitzuak irekita edukitzeko".

Susana Lopez Altuna Osakidetzako zuzendari nagusiak sinatuta, 9/2024 instrukzioak "salbuespenezko neurriak" ezartzen ditu "Osakidetzako asistentzia-zerbitzuetan, Lehen Mailako Arretako osasun-zentroetan, EAGetan eta Larrialdietan udako aldian asistentzia-jarduerari eusteko".

Bertan jasotakoaren arabera, asteburu honetan bertan hasi eta abuztuan eta irailean, oporretan dauden profesionalen postuak bete ezin direnean, profesionalei "baliabide propioekin kudeaketa hobetzeko programetan (autokontzertazioa) parte hartzea eskainiko zaie, asistentzia-maila bakoitzean eskatzen den jarduera borondatez bere gain hartuz".

Besteak beste, medikuei gehiago ordainduko dizkiete udako ordu estrak, 70 euro orduko Lehen Mailako Arretan, betiere lanaldia gutxienez bi ordu luzatzen badute. EAGetan eta Larrialdietan, lanaldi arruntetik kanpoko lanorduen truke 70,08 euro ordainduko dizkiete 08:00etatik 22:00etara, eta 38,48 euro 22:00etatik 08:00etara.

Eurenak ez diren pazienteak artatzen dituzten medikuek, berriz, eguneko 119 euro jasoko dituzte.

Azkenik, bertan jasotakoaren arabera, eskariari erantzutea ezinezkoa denean, "prestakuntza-aldiko azken hiru hilabeteetan prestakuntza jasotzen ari diren langile egoiliarrei agindu ahal izango zaie estatutupeko langileek bete ohi dituzten eginkizunak betetzeko".

Euskadiko Sendagileen Sindikatuak pozik hartu du erabakia, eta Osasun Zerbitzuaren Zuzendaritzan "jarrera aldaketa" izan dela nabarmendu du.

ESK sindikatuak ohartarazi duenez, Osakidetzaren arazoak "ez dira konpontzen autokontzertazioaren prezioak igota"; aitzitik, "arazoak denboran iraunarazten ditu, berehalako irtenbideak eman gabe, hori baita behar dena".

CCOO sindikatuak, berriz, kritikatu egin du Osakidetzako zuzendaritza berriak "mahai sektorialari bizkarra emanda lan-baldintzak berriro dekretatu izana", eta ohartarazi du "aurreko taldeen akats berberak" errepikatzen ari dela.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena