Itxi

Ekonomia

Abiadura Handiko Trena

Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi du AHTaren lotunea Ezkio-Itsasotik egitea "herri apustua" dela

EITB MEDIA

Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak Espainiako Gobernuaren ustezko "iritzi aldaketa" kritikatu du, eta aukerarik onena Ezkio-Itsasokoa dela esan du.

  • AHTren lanak. ETBko bideo batetik lortutako artxiboko irudia

    AHTren lanak. ETBko bideo batetik lortutako artxiboko irudia

Nafarroa eta EAEren arteko AHTren lotura nondik izango den oraindik ofizialki esan ez badute ere, Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroak ostegun honetan lotunea ia seguru Gasteiztik barrena egingo dela esan ondotik, Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak irmo defendatu du Ezkio-Itsasoko aukera, "herri apustua" dela berretsiz. Hala, Espainiako Gobernuaren ustezko "iritzi aldaketa" kritikatu du.

"Gure apustua argia da, bai lurralde bezala bai herri bezala", adierazi du Berasaluzek, eta gaineratu du dagoeneko Ezkio-Itsasoko geltokia "bukatzear edo bukatuta" dagoela eta ez luketela ulertuko "inongo aldaketarik" zentzu horretan.

Hala, Mendozak duela aste gutxi esandako hitzak berretsi ditu, eta gogoratu du aspalditik dutela bilera eskatuta Jose Antonio Santano Estatuko Garraio idazkariarekin, inongo erantzunik gabe, eta orain, Puenteren hitzen ondotik, Garraio Ministroarekin ere hitzordua eskatuko dutela.

Ministeriotik oraindik erabaki ofizialik hartu ez duten arren, Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroa Iruñean izan da gaur goizean Maria Chivite Nafarroako presidentearekin AHTaren jarraipena egiteko, eta horren ondoren hitz egin du. 

Ezkio-Itsasoko proiektuak eragozpenak eta arazo teknikoak dituela esan du Puentek, eta bi arazo tekniko aipatu ditu Ezkioko alternatibari lotutakoak. Batetik, esan du udal eta jabe partikular batzuk ez dutela baimenik eman zundaketa hidrogeologikoak egiteko, eta hori gabe ibilbide hori aukera gisa kontuan izatea ere ezinezkoa dela.

Bestetik, Abiadura Handiko Trenak puntu zehatz batean martxa alderantzikatu beharko lukeela azaldu du eta horrek konplexutasun teknikoak dituela batetik eta bestetik, eta eragina izango luke ibilbidearen iraupenean.