10:58

Ekonomia

Eustat

Langabezia % 7,5era jaitsi da EAEn bigarren hiruhilekoan eta 80.100 langabe daude, 4.500 gutxiago

EITB Media

Datu horiek 2023ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia-tasak soilik hamarren bat egin du behera, % 7,6tik % 7,5era.

  • Behargin bat lanean, enpresa batean. Argazkia: EFE

    Behargin bat lanean, enpresa batean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langabezia tasa % 7,5era jaitsi da aurtengo bigarren hiruhilekoan, hau da, 2024ko lehen hiru hilabeteetan baino lau hamarren gutxiago.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egindako inkestaren bigarren hiruhilekoko datuak argitaratu ditu ostegun honetan.

2023ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuz gero, langabezia-tasak soilik hamarren bat egin du behera, % 7,6tik % 7,5era.

992.600 pertsona, lanean

Okupazioari dagokionez, apirila eta ekaina bitartean 992.600 pertsona zeuden lanean, iazko hiruhileko berean baino % 2 gehiago. Horrela, 11.700 pertsona gehiago ari dira lanean, 2008ko hirugarren hiruhilekoko langa gaindituta.

Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa % 56,6koa da 2024ko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren gehiago.

Lurraldeka, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Bizkaian 6.400 pertsona gehiago daude lanean, Gipuzkoan 4.200 gehiago eta Araban 1.200 gehiago. Hiriburuei dagokienez, Donostian okupazioa 2.400 pertsonatan igo da, Gasteizen 1.800ean eta Bilbon 1.600ean.

Okupazioaren hazkunderik handiena emakumeen artean izan da (+8.300), eta gizonen artean, berriz, 3.400 gehiago.

Zerbitzu, eraikuntza eta lehen sektorearen bultzada

Lanean ari diren pertsonen kopuruak gora egin du zerbitzuetan: 10.100 pertsona gehiago (+% 1,4), 1.000 gehiago lehen sektorean (% 11,8) eta 900 gehiago eraikuntzan (+% 1,7). Industrian, ordea, 300 gutxiago (-%0,2) dira.

Kontratazio motari dagokionez, kontratu mugagabeak dituzten pertsonak aurreko hiruhilekoaren aldean 10.900 gehiago dira eta, aurreko urtearen aldean, 31.500 gehiago.

28.300 etxetan, pertsona aktibo guztiak langabezian

2024ko bigarren hiruhilekoan 922.100 etxetatik heren batek ez du pertsona aktiborik, aurreko hiruhilekoan baino 2.100 etxe gutxiago. Hamar etxetik ia seitan pertsona aktibo guztiak lanean ari dira, 5.400 familia gehiago. Gainera, pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten familiak 28.300 dira, aurreko hiruhilekoan baino 1.000 gutxiago.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena