Itxi

Ekonomia

ERREFORMA FISKALA

Gipuzkoako erreforma fiskalari buruzko txostena onartu dute EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk

AGENTZIAK | eitb media

Hiru aldeko akordio horri esker, errenta guztien tributazioa aztertu ahal izango dute, batez ere errenta txikienetan tributazio txikiagoa lortzeko eta gainerakoetan progresibitatea indartzeko.

  • Hacienda de Gipuzkoa

    Hacienda de Gipuzkoa.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek erreforma fiskalerako lantaldearen ondorioen txostena onartu dute, EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa gehienak gehitu ostean, eta horrek bidea erraztu du Ogasun Batzordean behin betiko irizpena onartzeko.

EH Bilduk Foru Gobernuko alderdien (EAJ eta PSE-EE) botoekin bat egin du astelehen honetan, txostenari baiezkoa emateko. PP eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin dira.

Hiru aldeko akordio horri esker, errenta guztien tributazioa aztertu ahal izango dute, batez ere errenta txikienetan tributazio txikiagoa lortzeko eta gainerakoetan progresibitatea indartzeko.

"EH Bildu politika publikoak hobetzeko akordioetan dagoenean herritarren ongizatea hobetzen du. Oso argi daukagu politikara etorri garela, eta zehazki Gipuzkoako Batzar Nagusietara, herritarren arazoei erantzuteko eta ezberdinen arteko akordioen bidez erantzun bateratuak emateko", adierazi du Haritz Perez batzarkideak.

Bestalde, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkariak txosten horrekin "erreforma fiskalaren aurreikuspen guztiak bete" direla adierazi du.

Xabier Otxoa ponentziaren presidenteak egindako 39 orrialdeko dokumentuari, azken hilabeteetan foru ganberatik pasatu diren adituei entzun ondoren, EH Bilduren 30 zuzenketa baino gehiago gehitu zaizkio, eta beste hainbeste transakzionatu, Perezen arabera, "erreforma fiskal justu eta progresibo batean sakontzeko".