16:47

Ekonomia

Etxebizitza

Bilboko Udalak pisu turistikoak debekatuko ditu etxebizitza sozialak dauden eraikinetan

EITB Media

Aurkeztu berri duten 2024-2027 Udal Etxebizitzen Plan Estrategikoak hurrengo lau urteetan alokairu sozialeko 200 etxebizitza berri sortuko dituztela ere jasotzen du.

  • Yolanda Diez zinegotziak aurkeztu du Etxebizitza Publikoaren Plan Estrategikoa.

    Yolanda Diez zinegotziak aurkeztu du Etxebizitza Publikoaren Plan Estrategikoa.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Babes bereziko etxeren bat dagoen 530 bizilagun-komunitateetan pisu turistikoen aurka bozkatuko du Bilboko Udalak, Yolanda Diez Etxebizitza zinegotziak, 2024-2027 Udal Etxebizitzen Plan Estrategikoa aurkeztean, adierazi duenez.

Neurri honen helburua da etxebizitza turistikoek Bilbon azken hilabeteetan izan duten gorakada (% 30ekoa, urte batean) gelditzea eta etxebizitzak ohiko alokairura bideratzea. Diezen hitzetan, jarduera ekonomiko honek ez du zentzurik "etxebizitza sozialak dauden espazioetan".

Gizartean gaur egun dagoen eskaera nagusienetako bati erantzun nahian, bestelako neurriak ere hartuko ditu Udalak. Besteak beste, alokairu sozialeko 200 etxebizitza berri sortuko dituzte hurrengo lau urteetan. Horietatik 93 eremu komunak dituzten etxe txikiak izango dira eta Amezola inguruan eraikitzen ari dira. Gainerakoak, berriz, erabiltzen ez diren eraikinetan egongo dira.

Hiriak baditu dagoeneko 4.200 etxebizitza publiko baino gehiago alokairu-erregimenean. Diezen arabera, Plana amaitzean "alokairu eskuragarria" izango duten 4.430 etxebizitza izango dira.

Horrez gainera, zinegotziak esan du datorren irailetik aurrera hasiko direla tentsio handiko guneak aztertzen, alokairuen prezioei mugak jarri ahal izateko.

Azterketa hori amaitzean, inor bizi ez den etxebizitzen argazkia ere egin ahal izango dute. Une honetako kalkuluen arabera, 3.000 etxebizitza inguru daude erabat hutsik (inoiz ez direnak erabiltzen) eta 10.000 etxebizitza inguru sasoika erabiltzen dira. Erabat hutsik dauden etxeetatik 122 alokairu sozialera bideratu dituzte.

Planak alokairuen prezioaren jarraipena egingo duen udal behatokia eta kudeaketa errazagoa egingo duen udal bulegoa sortzea ere jasotzen du. Udalak 25 milioi euro inbertituko ditu plan osoa gauzatu dadin.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena