EAE-KO AURREKONTUAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

2025eko EAEko Aurrekontuak iazkoak baino handiagoak izango dira, osasun arloa "protagonista nagusi" dela

Gobernu berriak 2025ko aurrekontu proiektua urriaren amaieran onartu nahi du. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, EAEko ekonomia % 1,9 haziko da aurten eta % 2,1, datorren urtean.
noel-danjou-consejero-hacienda-finanzas-eitb
Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua, gaurko prentsaurrekoan. EITB Media

Eusko Jaurlaritzaren 2025eko Aurrekontuak aurtengoak baino handiagoak izango dira, lehentasuna osasuna indartzean jarrita. Gobernu eratu berriak 2025eko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Aurrekontuak gidatuko dituzten gidalerroak onartu ditu, eta bertan jasotzen diren aurreikuspenen arabera, EAEko ekonomia % 1,9 haziko da aurten, eta % 2,1, berriz, 2025ean. Hortaz, hazkunde aurreikuspenak mantendu ditu. Lan merkatuari dagokionez, espero du 2025ean langabezia tasa % 6,8ra jaistea eta 16.000 lanpostu sortzea. 

Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburu berriak Eusko Jaurlaritzaren datorren urteko Aurrekontuak diseinatzeko erabiliko dituen gidalerroak aurkeztu ditu, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan.

D'Anjou sailburuak azaldu duenez, XIII. legealdiko lehen Aurrekontua izango dena "euskal herritarren ongizatea eta hazkunde ekonomikoa bermatzera bideratuko da, ziurgabetasun globalak nagusi diren testuinguru batean". Ildo horretan, nabarmendu du antolaketa eta kudeaketa estrategiak "ausartak" beharko direla "finantza publikoen jasangarritasuna", "zorroztasun fiskala" eta "inbertsio estrategikoak" uztartzeko.

Bestalde, D'Anjouk aitortu du mutualistei itzuli beharreko zenbatekoak "inpaktu garrantzitsua" izango duela 2024ean, eta txikiagoa, aldiz, 2025ean. Hala ere, espero du datorren urteko itzulketa horiek Aurrekontuak ez baldintzatzea, eta, hortaz, aurtengoak baino handiagoak izatea.

Europar Batasuneko ekonomia eta aurrekontu-gobernantzaren araudi berria 2025eko aurrekontuetan jarriko da behin betiko indarrean. Hori dela eta, D'Anjouk azpimarratu du "berehalakoan" adostu behar direla EAEko aurrekontu-egonkortasunaren neurriak Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan.

Gobernuak 2025ko aurrekontu proiektua uriaren amaieran onartu nahi du, ondoren Eusko Legebiltzarrean tramitazioa hasteko.

Osasuna, "protagonista nagusia"

Osasuna izango da Eusko Jaurlaritzaren 2025eko Aurrekontuen "protagonista nagusia". Gobernu berriak osasun publikoa eta unibertsala bermatzea izango du helburu, eta haurren eta nerabeen osasunean inbertituko du. Era berean, instalazioak eta ekipamenduak modernizatzen jarraituko duela iragarri du. 

Etxebizitzari dagokionez, arreta berezia jarriko die gazteei eta baliabide edo irisgarritasun premia urriak dituzten adinekoei.

Hezkuntza alorrean, euskal lanbide heziketaren eredua munduko erreferente gisa "finkatzeko" apustuari jarraipena emango dio, eta unibertsitate eta zientzia-sistema bultzatuko du, "puntakoa eta abangoardiakoa izan dadin".

Segurtasunaren esparruan, Ertzaintzaren egitura hobetu eta modernizatuko dela aurreratu du.

Kultura alorrean, sortzaileei, artistei eta kulturaren arloko profesionalei laguntzeko neurriak jasoko dira.

Talentua fidelizatzeak eta erakartzeak indarra izango du enpleguari dagokionean, eta euskal industria babesteko neurriak hartuko dira "aurrerapena, hazkundea eta errotzea bermatzeko". Halaber, I+G+Baren aldeko apustua areagotuko du, urtean gutxienez % 6ko hazkundea eginda.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak 2025ean autogobernua defendatzen jarraitzeko asmoa azaldu du, haren lege garapena zabalduz.

Albiste gehiago ekonomia

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maider Etxebarria: 'Lorezainen grebak kalkulu politikoengatik jarraitzen du, eta ez lan arazoengatik'

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean, adierazi du gaur PRECOn akordio batera iristea nahi duela, ulertezina iruditzen zaiolako greba bat hainbeste luzatzea. Era berean, ziurtatu du proposamen bat egon dela mahai gainean, eta sindikatuek baztertu egin dutela, kalkulu politikoengatik, laneko arazoak kontuan hartu gabe.

Bingen Zupiria Euskadi Irratia
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Bingen Zupiria, Ertzaintzaren lan-eskaintza publikoaz: "Ertzain izateko ikasi egin behar da eta agian batzuek ez dute behar beste ikasi"

Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azpimarratu duenez, Ertzaintzarako lan-eskaintza publikoko azterketak prestatu dituztenek ez dute inolako hanka-sartzerik egin. Poliziagaien % 90ek ez dute gainditu azterketa, eta Zupiriaren esanetan, hori gertatu da askok azterketa eredu bakar bat prestatu dutelako, "kontuan hartu gabe eredu gehiago egon daitezkeela". Halaber, argi adierazi du hurrengo 30 urteetarako agenteak prestatuko direla orain, eta exijenteak izango direla.

Gehiago kargatu