Itxi

Ekonomia

Lanaldia

Lanaldia murrizteko proposamen "malguagoa" aurkeztu du Lan Ministerioak, patronalak "hurbiltzeko" asmoz

Agentziak | EITB Media

Espainiako Lan Ministerioak lanandia murrizteko proposamen berri bat jarri du mahai gainean, aurrekoa baino malguagoa, CEOE eta Cepyme patronalen jarrerak hurbiltzeko asmoz. Zenbait sektoretan orduen banaketa irregularrak egiteko tarte handiagoa aurreikusten du proposamen berri horrek. 

  • Ostalaritza sektoreko langile bat.

    Ostalaritza sektoreko langile bat. EITB MEDIA

Espainiako Lan Ministerioak lanandia murrizteko proposamen berri bat jarri du mahai gainean, aurrekoa baino malguagoa, CEOE eta Cepyme patronalen jarrerak hurbiltzeko asmoz. Zenbait sektoretan orduen banaketa irregularrak egiteko tarte handiagoa aurreikusten du proposamen berri horrek. 

Sindikatuekin egindako bileraren ostean, Joaquin Perez Rey Estatuko Enplegu idazkariak adierazi du Espainiako Gobernuaren bokazioa "alde guztiekin" akordioa lortzea da, CEOE eta Cepyme patronalak barne.

Proposamen berri horretan, "malgutasun" handiagoa eskaintzen zaie enpresei lan-denbora modu irregularrean banatzeko, behin Gobernuak proposatutako 37,5 orduko murrizketa indarrean jartzen denean, 2025ean.

Gizarte-eragileekin elkarrizketa sozialeko mahaiaren bileraren ondoren, Perez Reyk zehaztu du enpresek, egun, urteko lanaldiaren % 10era arteko banaketa irregularra egin dezaketela. Orain, Lan Sailak proposatzen duena da % 10 hori enpresek araua indarrean sartzean zuten lanaldiari buruzkoa izatea, eta ez lanaldi murriztu berriari buruzkoa.

Estatu idazkariak azaldu duenez, proposamen horrek, funtsean, "lanaldiaren banaketa irregularra egiteko tarte handiagoa" eskaintzen du, eta horrek, adibidez, urtean zehar ekoizpen-ziklo ezegonkorrak dituzten sektoreei mesede egin diezaieke, hala nola nekazaritzari edo ostalaritzarekin lotutako jarduera batzuei.

PSOEk eta Sumarrek sinatutako gobernu akordioan jasota dago asteko lanaldia 40 ordutik 38,5 ordura murriztea aurten, eta 37,5 ordura, 2025ean. Proposamen horrek sindikatuen oniritzia jaso du.

Sindikatuen babesa

Bestalde, Fernando Lujan UGTko Politika Sindikaleko idazkariorde nagusiak eta Carlos Gutierrez CCOOren Ikasketa eta Hezkuntza Sindikaleko idazkariak esan dute malgutasuna onartuko dutela epeak "zentzuzkoak" badira, baina azpimarratuz lanaldi murrizketa "lehenbailehen" ezarri beharra dagoela.

Lujanek gogorarazi du azkeneko murrizketa 1983an egin zutela, trantsiziorik gabe, eta ez zela "apokalipsia" iritsi. Horregatik, CEOEri eta Cepymeri murrizketa onartzeko eta haien postura zehazteko eskatu die. "Aurrera egin beharra dago", azpimarratu du.