Ekonomia
Eskakizunen zerrenda
Agentziak | EITB Media
Garbiñe Aranburuk Gobernu berriari egingo dizkioten eskaerak zerrendatu ditu: soldatak hobetzeko neurriak hartzea, zerbitzu publikoak indartzea eta erronka ekosozialei aurre egingo dien eta enpresak zuzenduko ez dituen birmoldaketa industriala bultzatzea.
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusia. Argazkia: EFE
LABek negoziazio-mahai berezi bat eratzea eskatu dio Eusko Jaurlaritza berriari, Elkarrizketa Sozialerako Mahaitik kanpo, gutxieneko soldata bat adosteko. Sindikatu abertzaleak eguneratutako kalkuluen arabera, 1.600 eurokoa izan beharko luke.
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak gaur Bilbon azaldu ditu sindikatuak Imanol Pradales lehendakari berriak eta Mikel Torres Enplegu sailburuak iragarritako bilera-sortetan egingo dituen eskakizunak.
Oraindik ofizialki deitu ez badituzte ere, LABek dagoeneko egin du planteatu beharreko eskarien zerrenda. Sindikatuaren esanetan, soldatak hobetzeko neurriak hartu behar dira, KPIaren gainetik eguneratuta; zerbitzu publikoak indartu behar dira, eta industria-birmoldaketa sustatu behar da, erronka ekosozialei aurre egiteko eta enpresak buru izan gabe.
"Aldaketaren irudia, baina norabide berdina"
LABek Eusko Jaurlaritza osatzeko EAJk eta PSE-EEk adostu duten programa aztertu du, eta, Aranbururen hitzetan, ondorioa da "ez datorrela bat Gobernu berriak eman nahi duen aldaketa-irudiarekin", "norabide berdina" ikusten baita. Sindikatuko koordinatzailearentzat, azken Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa "goraipatzea" ez da "abiapuntu ona".
Gobernu berriaren aurrean, LABek enpresaburuek "gehiago ordaintzea" defendatuko du, eta Administrazioak "ereduarekin predikatzea" eskatuko du, langile publikoen soldatak eta azpikontratetako beharginen baldintzak hobetuz.
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusia. Argazkia: EFE
Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) errealitate sozioekonomikoarekin bat datorren Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) eskatuko du.
LABek 1.400 euroko gutxieneko soldata eskatu izan du, Europako Gutun Sozialaren gomendioari jarraiki, hau da, lurraldeko batez besteko soldataren % 60ren baliokidea izatea, baina aldarrikapena 1.600 euroraino igo du gaur; izan ere, bere kalkuluen arabera, hori da soldata-egiturari buruzko azken estatistika-datuetatik (2022koak) ateratzen den kopuru eguneratua.
Elkarrizketa Sozialerako Mahaitik at
EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu akordioak "lurraldearen errealitatearekin bat datorren gutxieneko soldata baten beharra" jasotzen duela uste du Aranburuk, eta hori "langileen borrokaren emaitza" dela nabarmendu du, baina Eusko Jaurlaritzak, Confebask patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek partekatzen duten Elkarrizketa Sozialerako Mahaian gai hau aztertu ahal izatea baztertu du.
Gainera, Jaurlaritza berriarekin egingo den bilera-sortan, sindikatu abertzaleak, besteak beste, Osakidetzako politika "neoliberal eta klientelarrak" aldatzea eskatuko du, eta subiranotasun-maila handiagoa bermatuko duen esparru juridiko politiko berri baten alde egingo du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa