Ekonomia
Donostia
Agentziak | EITB Media
Zuzendaritzak zehaztu duenez, 15 langileri aurrejubilazioa eskainiko diete, 30ri konpainiako beste lantegietan enplegatzea (erdia, Arrigorriako lantegian) eta beste 11ri, enpresatik kanpo birkolokatzea. Enpresa batzordeak espedientea kritikatu du.
Cementos Rezola ohiaren lantegia, Añorgan (Donostia). Argazkia: Jose Mari Plazaola
Heidelberg Materials konpainiak, Cementos Rezola izandakoak, enplegu erregulazio espedientea (EEE) aurkeztu du Añorgako (Donostia) lantegian, enpresak berak eta sindikatuek jakinarazi dutenez. Espedienteak 56 behargini eragingo dio, lantaldearen erdiari.
Konpainiaren arabera, "kaltetutako pertsonei lan alternatiba" eskainiko diete. Hala, 15 aurrejubilazio, 30 barne-birkokatze, eta beste 11 kanpo-birkokatze proposatu ditu.
Sindikatuek azaldu dutenez, 15 langileri Arrigorriagako (Bizkaia) lantegian behar egiteko eskaintza egin diete. Enpresaren esanetan, Bizkaiko zementu fabrika horretan ekoitziko dute klinkerra (zementuaren osagai nagusia), baina modu "efizienteagoan". Orain arte Añorgako lantegian ekoizten zuten klinkerra.
Enpresak eta sindikatuek atzo, asteartearekin, egin zuten EEEa negoziatzeko lehen bilera, eta bertan zehaztu zituzten baldintzak. Espedientea ekainaren 10ean aurkeztu zuen konpainiak, zementua fabrikatzeko "deskarbonizazio prozesua" martxan jarriko zuela argudiatuta.
Prozesu hori burutzeko 32 milioi euroko inbertsioa egingo du enpresak 2026ra arte. Dioenez, inbertsio horren erdia Añorgan egingo dute, lantegia zementu jasangarriak ekoizteko lantegi bilakatzeko.
Enpresa batzordeak zuzendaritzaren asmoak baztertu ditu, eta EEEa bertan behera uzteko eskatu du. Horren ustez, "enpresaren asmoa ez da deskarbonizazio prozesua abiatzea, Añorgako langileak beste zentro batzuetara eramatea baizik".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa