Ekonomia
IRUZURRA
agentziak | eitb media
Gazteen esanetan, Euskal Herriko futbol taldeetan jokatzeko probak egiteko aukera hitzematen zietelako etortzen ziren.
Aretxabaletako futbol zelaia. Argazkia: EFE
Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu du Arrasaten eta horren emaztea ikertzen ari da, 25 gazte kolonbiarri "iruzur egiteagatik". Euskal Herriko futbol taldeetan jokatzeko probak egiteko aukera hitzematen zien gizonak gazteei, eta horregatik etortzen ziren.
Gazteen esanetan, "talentu ordezkaria dela dioen herrikide batek egin zizkien promesa faltsuak". Espainian 'La casa de los sueños' izeneko proiektu bat zuen eta Arrasaten bizi zen kolonbiar bat da atxilotutakoa, eta Kolonbiako eta Mexikoko gazteei iruzur egitetik bizi zen.
Proiektuaren etengabeko publizitatea egiten zuen gizonak sare sozial ezagun batean, "futbolari askok Espainian jokatzeko duten ametsa betetzeko" promesarekin.
Ikerlariek jakin zuten gizonak emaztea zuela laguntzaile, Arrasaten bertan, eta beste kide bat ere bazutela Kolonbian, "futbol profesionalean etorkizuna egiteko irrikaz" zeuden mutikoak atzemateaz arduratzen zen entrenatzaile bat.
Hori horrela, Espainiako Poliziak, Arrasateko Udaltzaingoarekin batera, Kolonbiatik Arrasatera etorritako 25 gazte aurkitu zituzten, tartean adingabeak, promesa faltsuen atzetik dirutzak ordaindu zituztenak.
Era berean, engainuaren biktima izan diren hiru euskal talde (Arrasate Futbol Taldea, Sporting Lutxana eta UDA Aretxabaleta) ere identifikatu zituzten.
Ustezko "talentu ehiztariak" eta bere emazteak dirua eskatzen zieten gazteei "errepresentazio, mantenu eta ostatuaren truke, eta gonbidapen gutunengatik".
Gazteek 200 eta 300 euro artean ordaintzen zituzten futbol taldeek entrenatzeko gonbidapena egin ziezaieten eta hiru hilabetez talde horretan jokatu ahal izateko. Hiru hilabete da inolako baimenik gabe Espainiako Estatuan atzerritar batek egin dezakeen gehienezko denbora.
Horrela, gazteek gonbidapena jasotzen zutenean, pentsatzen zuten egia zela euskal taldeak haien atzetik zebiltzala, eta bidaia egitea erabakitzen zuten.
Atxilotuak gutxienez lau etxebizitza zituen alokatuta Arrasaten. Horietako bakoitzean 10 edo 12 gazte edukitzera iristen zen, eta bakoitzari hilabetean 400 edo 500 euro kobratzen zizkionez, dirutza egin zuen.
Hori guztia kontuan izanda, Espainiako Poliziak gizona atxilotu eta emaztea inputatu du, atzerriko herritarren eskubideak urratzeagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik. Bergarako Auzitegiak hartu du kasuaren instrukzioa, eta ez da baztertzen atxiloketa gehiago izatea.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa