Ekonomia
Etxegabetzeak
Agentziak | EITB Media
2013an PPk onartutako hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituraketa eta alokairu soziala indartzeko neurriei buruzko legean dauka jatorria gaurko erabakiak. Gaur, baina, hamarkada bat baino gehiagoz luzapenak kateatzen dituen neurri hau iraunkor egiteko aukerak hartu du eztabaida.
Diputatuen Kongresua, gaur. EFE.
Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak aho batez onartu du, arrazoi hipotekarioak direla-eta, zordun zaurgarrien etxegabetzeak bertan behera uztea 2028ko maiatzaren 15era arte.
Hamarkada bat baino gehiagoz luzapenak kateatzen ari den neurri bat da, eta, gaurko plenoan, neurria iraunkor egiteko aukeraren eztabaidak aurrekoetan baino indar handiagoa hartu du.
Isabel Rodriguez Etxebizitza eta Hiri Agenda ministroak neurriari eutsi beharra dagoela azaldu du, "hipotekaren letra ordaindu ezinagatik etxebizitza gal dezaketen pertsona horiek gizarte-bazterketa egoeran jausi ez daitezen", are gehiago "zalantzazko etorkizuna duen interes-tasen koiuntura batean".
Errege Lege Dekretua, aldeko 347 botorekin eta Voxeko diputatu baten abstentzioarekin baliozkotu da. Lege-proiektu gisa izapidetuko da orain, eta horrek esan nahi du testuari zuzenketak egin ahal izango zaizkiola.
Etxegabetze-hipotekarioen etetearen jatorria hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituratzea eta alokairu soziala indartzeko neurriei buruzko legean datza. Lege hori PPren Gobernuak onartu zuen 2013an, 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioak arintzeko.
Lege horrek bi urtez geldiarazten zituen gizarte-bazterkeriako arrisku bereziko egoeran zeuden familien etxegabetzeak, besteak beste, familia ugariena eta gutxienez seme-alaba bat ardurapean duten guraso bakarreko familia-unitateena, adingabeak edo mendekoak edo desgaituak ardurapean dituzten familiena, genero-indarkeriaren biktimena, langabeena eta 60 urtetik gorakoena.
Ordutik luzapenetik luzapenera joan da legea, horietako azkena Podemosen ekimenez, 2020ko maiatzean, covid pandemia lehertu berritan, lau urtez luzatu ez ezik, familia gehiagori heltzeko aukerak zabaldu zituen dekretu batekin. Gaur beste lau urterako luzapena onartu dute.
PPk neurria babestu du, baina, aurretik gogora ekarri du Mariano Rajoyren Gobernuak onartutako legea dela oinarrian, eta Pedro Sanchezen Gobernuari leporatu dio "azken sei urteetan etxebizitza Estatu arazo bihurtu izana".
Voxek ere babestu egin du neurria, argudiatuz "une kritiko batean okerren pasatzen dutenek zuen festak eta arduragabekeriak ordain ez ditzaten" egiten duela, esan du bozeramaileak Carlos Hernandez Quero diputatuari zuzenduz.
Eztabaidan, Alberto Ibañez Sumarreko ordezkariak bankuen eta "funts putreen" aurka egin du, eta 2024an Ondorio Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoa (IPREM) % 3 igotzea eskatu die sozialistei. Era berean, beste neurri bat hartu beharraz ohartarazi du, hain zuzen ere, Jabetza Erregistroan jaso dadila etxegabetzeen moratoria aplikatzen zaien etxebizitzak zeintzuk diren, "funts batek erosi nahi duenean Estatuak babestutako familia bat dagoela jakin dezan".
Ione Belarra Podemoseko liderrak azpimarratu duenez, neurri hori "tirita" bat da pertsona kalteberentzat, eta Espainiak "funts putreekin duen espekulatze-arazo larria" konpontzeko proposamenak egin ditu, besteak beste, etxejabe handien etxebizitzen erdia desjabetzeko.
Idoia Sagastizabal EAJko diputatuak adierazi duenez, "agian legea beste modu batean lantzeko unea da, familia kaltetuak ez daitezen bizi luzapen eta luzapen artean". Oskar Matute EH Bilduko ordezkariaren ustez, berriz, neurri "aringarri" horrek etxegabetuak diren pertsonen % 13ri baino ez die mesede egiten. Bestalde, Nestor Regok (BNG) neurria "behin betiko" egitea eskatu du, hamar urte baino gehiago indarrean egon ostean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa