20:59

Ekonomia

Osasun-garraioa

Anbulantzien hitzarmena sinatu dute, indarrean dagoen bitartean % 30eko soldata-igoera jasotzen duena

Agentziak | EITB Media

ELAk, CCOOk eta UGTk hitzarmena sinatu dute. CCOOk nabarmendu duenez, "mobilizazioen eta greba luze baten ondoren, amaitu ahal izan da lan-gatazka, behin betiko hitzarmena sinatuta".

  • Anbulantzia bat. Irudia: CCOO

    Anbulantzia bat. Irudia: CCOO

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

ELA, CCOO eta UGT sindikatuek osasun garraioaren hitzarmena sinatu dute gaur. Akordioaren puntu nagusia itunaren indarraldian metatutako % 30,64ko soldata-igoera da. Igoera horrek Osakidetzako anbulantzietako langileekin parekatzea "errazten" du, horixe baitzen sektorean egindako greba-egunen aldarrikapen nagusia.

Hitzarmenaren aurreakordioa apirilean itxi zuten, baina ordutik ez da sinatu, ezta aplikatu ere. Bizkaiko eta Arabako enpresa emakidadunak, La Pau kataluniarrak, joan den astean ohartarazi zuen ez zuela berretsiko harik eta UGTk zerbitzuaren esleipen berriari buruzko helegitea kendu arte.

Ohar batean, CCOOk nabarmendu du "azken fase honen ostean soilik, mobilizazioen eta greba luze baten ondoren", izan dela posible lan-gatazka gaur amaitzea, "behin betiko hitzarmena sinatuta".

CCOOk erantsi duenez, hitzarmena behin betiko testua ixteko bi batzar "oso luzeren" ondoren sinatu da, nahiz eta "La Pauk oztopoak jarri".

"Grup La Pau sinadura oztopatzen saiatu da eskura zituen baliabide guztiekin, aurreakordioa ez dute bete, hitzarmena sinatzeari uko egin dio, Bizkaiko eta Arabako beharginei ez die soldata igoera aplikatu, eta euren kudeaketa eskasa kutxa publikoaren kontura ordaindu nahi izan dute", kritikatu du sindikatuak.

ELAk ohar batean azaldu duenez, "2022-2028 indarraldia duen eta 1.500 langileri eragiten dien akordio honetan lortutako urrats handienetako bat hitzarmena ez aplikatzeko klausula da, enpresa esleipendunek prozesua aldebakarrez kudeatu ezin izateko berme gisa balio duena".

ELAk nabarmendu du hitzarmenak 124 orduko lanaldi murrizketa aurreikusten duela, homologatu arte (1.588 ordu), baita hitzarmena ez aplikatzeko klausula, borondatezko eszedentzietan lanpostua baldintza berberetan gordetzea, eta antzinatasun-plusa hobetzea ere.

Honako hauek ere jasotzen dira akordioan: txanda-kontratua aplikatzeko bermea, familien legea hobetzea, zaintzagatiko edo eszedentziagatiko lanaldi-murrizketetarako seme-alabaren adina handitzea (16 urtera arte), lanpostu hutsak arautzea eta barne-sustapena, eta enpresaren barruko nahitaezko prestakuntza arautzea.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena