Ekonomia
Goi-tentsioko linea
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Eugenio Mendikotek azpimarratu duenez, Udaletik jakitun dira industria sektoreak duen garrantziaz, baina uste dute halako proiektuek ingurumen irizpideak bete behar dituztela, eta "herritarrei ahalik eta kalte txikiena egin".
Zierbenako arrantza portua, atzean goi-tentsioko lineak dituela. EITB Media
Solaria enpresak Bizkaiko hainbat udalerritan jarri nahi duen goi-tentsioko linearen kontrako jarrera berretsi du gaur Eugenio Mendikote Zierbenako alkateak. Konpainiak hainbat instalazio fotovoltaiko instalatzeko asmoa du Araban, eta han sortutako energia, linea horren bidez, Zierbenako azpiestaziora eraman.
Mendikotek Radio Euskadiko "Boulevard" saioan esan duenez, Udalak badaki EAEko industriak ekonomian zein pisu duen, eta trantsizio energetikoaren beharra aldarrikatu du. Alkatearen hitzetan, "hori da bidea, baina ez edonola. Gure herrian sortutako energia berriztagarriak behar ditugu, baina horrelako proiektuek ingurumen irizpideak bete behar dituzte, eta herritarrei ahalik eta kalte txikiena egin", arrazoitu du.
Mendikotek prentsaurrekoa eman zuen atzo Meatzaldeko eta Enkarterriko EAJren beste alkate batzuekin, enpresari ibilbidea aldatzea eskatzeko. "Denok partekatzen dugun iritzi bat da", argitu du.
Alkate jeltzalearen arabera, goi-tentsioko hainbat dorre dituzte udalerrian, gertu baitute Bilboko Portuko azpiestazioa, eta Solariaren egitasmo horrek beste zazpi ekarriko lituzke, "gaur egun ditugunak baino handiagoak". "Bilboko Portuaren handitzea dugu ondoan, eta ekonomikoki gauza onak ditu, baina baita zailtasunak ere", adierazi du.
"Herritarrentzat zaila da proiektu hau ulertzea. Ez da ulergarria eguzki-zentral batek 100 kilometroko ibilbidea izatea", nabarmendu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa